GuraSOSen erronka berria: "Eskuratu bigarren babes-kutxa"

GuraSOSen erronka berria: "Eskuratu bigarren babes-kutxa"

Haurrak, ingurumena, elkarbizitza, etorkizuna... Gipuzkoa babestuko duten babes-kutxak jarri zituen salgai GuraSOSek joan den udazkenean. Ordutik, "5.000 kutxa baino gehiago zabaldu dira", GuraSOSek igandean Lasarten egindako ekitaldian, elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak zioenez.

"Horrek esan nahi du jende askorengana heldu dela gu zabaldu nahian gabiltzan mezua", gaineratu zuen. Hain zuzen, 2018an zehar, hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren gaian, Foru Aldundiak ukatutako hitza hartu eta konponbiderako bide-orri bat elkarlanean landu eta adosten aritu dira Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta aditu, Hitzartu prozesuaren baitan. Horrekin batera, ekimen eta dinamika gehiago bideratu ditu GuraSOSek azken urteotan. 

Egitasmo guztiok gauzatu diren modu berean, auzolanean egin nahi die aurre baita ekimenok eragindako gastuei. Horretarako sortu zituzten aipatu babes-kutxok. "Kutxa hauek bazter guztietara zabaltzeak, eman digu arnasa zor horiei guztiei aurre egiteko", Izetaren esanetan.

Erronka berria proposatzen digute orain. "Oraindik zorrak baditugu, seguru batzuk jada kutxa baduzuela, orain gure erronka honakoa da: hartu bigarren kutxa, denon artean kitatu behar ditugu zor hauek". 80.000 euroko gastuei aurre egiteko, 56.408,55 euro bilduak ditu jada GuraSOSek. Elkartearen web orrialdean, gurasos.org atarian dituzue xehetasun gehiago.

Usurbilgo saltokietan eskuragarri

Gogoan izango duzue urriaren 7an, etorkizuna kolore biziz margotu eta idaztera gonbidatu zituen GuraSOSek haur eta gaztetxoak Usurbilgo frontoian. Igande goiz hartako ekimeneko marrazki eta hitzekin apaindutako babes-kutxak dira, GuraSOSek 10 eurotan salgai jarritakoak. Usurbilen saltokiotan eskura ditzakezue: Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Alkartasuna, Iratze naturtenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia, Ixabel Estetika Zentroa, Lurda. 

https://youtu.be/o68EZqhr-pE?list=UUZSYmKHPzZlOkKtdmcPzMWw