"Iruzur eta gezur handi baten gainean eraikia dago erraustegia"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 11a, 12:34

Eraikitzen ari eta laster martxan jartzen hasi nahi duten Zubietako erraustegiaren kontratuaren xehetasunak argitara eman zituen GuraSOSek, igandean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egin zuen ekitaldian. Gogoan izan Europan zenbait ekimen juridiko abiatu zituela iaz, "kontratazio arloan izandako arau-hausteagatik, eta ingurumenaren eta hondakinen arloan parte hartzeko eta justizian sarbidea izateko eskubideak urratzeagatik". Horrekin batera, Europako Parlamentura zenbait kexa bideratu zituen, "defizita eta zorpetze publikoa kontrolatzeko eta zuzentzeko mekanismoak aktibatzea" eskatzeko.

Aipatu moduan, igandeko Lasarteko ekitaldian, erraustegiaren kontratuaren gaineko xehetasunak argitara eman zituen GuraSOSek. Kontratu honen edukiak biltzen duena plazaratuz, "ez da kontratu hoberena, helburuetara ongien egokitzen dena baizik".

Kontratuak agerian uzten duen alderdietako bat, hondakinen kudeaketa zerbitzua pribatizatzeko erraustegia sustatu nahi duten agintariek emandako urratsa da. Bere garaian, Zubieta gaineko planta eraikitzeak eragindako zorrari Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zuzenean, mailegu batekin aurre egiteko aukera baztertu behar izan zen. Igandeko Lasarteko ekitaldian, GuraSOSek erakutsitako dokumentazioaren arabera, Foru Aldundiko Aurrekontu Egonkortasun eta Finantza Sostengarritasunerako Zuzendaritzaren 2016ko ekainaren 9ko txostenak dio, "apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak ezarritako mugak ezarritakoa ez duela betetzen".

Alegia, GuraSOSeko kide Joseba Belaustegik zioenez, erraustegia bultzatu nahi zuten agintariei esaten zaiena da "ezin da eraiki hauteskundeetan hitz eman zenuten erraustegia". Zubieta gaineko azpiegitura eraiki ahal izateko alternatibak bilatzeari ekin zioten orduan, baina helburu argi batekin; hurrengo 35 urteotan, gipuzkoarron gain hartu beharko dugun milioika eurotako zorra zenbatua izatea saihestu nahi zuten egitasmo honen bultzatzaileek. "Zor publikoa gure gain hartzen dugu, baina zer da garrantzitsuena? Gastu hori guztia zenbatua ez izatea, defizit eta zor gisa. Alegia, helburua "erraustegia eraiki ahal izateko norbaitek zor guztia bere gain hartzea" zen, zor publiko gisa zenbatua izan ez zedin.

Gipuzkoarrak zorpetuak, enpresa eraikitzaileek galera arriskurik ez

Testuinguru honetan, Gipuzkoa 35 urteko milioika eurotako zorretan sartzeko bidea jorratzen hasi ziren. Erabaki honen ondorioetako bat; gipuzkoarron poltsikoei dagokienez, "400 milioi euro gehiago ordainduko ditugu". 

Horrekin batera, erraustegiaren gaineko benetako kontrola dutenak enpresa eraikitzaileak direla gogorarazten du GuraSOSek. Hondakinen kudeaketa pribatizatu dutela salatzen dute. Zubieta gaineko azpiegiturekin interes pribatua lehenetsi dela azpimarratzen dute, "herritarron osasuna arriskuan" jarriz. Honek kontrol publikoaren galera dakar gipuzkoarrentzat, aldiz, diru-galera arriskurik ez erraustegia eraiki eta ustiatuko duten enpresentzat, "obra libreki ustiatzeko aukera ematen die" erraustegiaren kontratuak. GuraSOSek ohartarazten zuenez, "Gipuzkoarron hondakinekin ez baditugu betetzen erraustegiko labeak, azpiegitura kanpoko hondakinak erretzen ustiatu ahalko dute".

Argi zioten, kontratua "opakua da, kalitate demokratiko baxukoa", GuraSOSen esanetan, aipatu kontratuak, datozen 35 urteotan hondakinen kudeaketa politikak aldatzeko aukerak alboratzea dakarrelako. 

Horregatik zioen igandean Lasarten GuraSOSek, "iruzur eta gezur handi baten gainean eraikia dago erraustegia". GuraSOSek Europan jada salatua duena. "Ia zer gertatzen den", zioten Lasarteko igandeko ekitaldian.