Elkarretaratzea asteartean, Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa hasiko den egun berean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 11a, 09:09

Asteartean (otsailak 12) abiatuko da Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. 2017ko urriaren 1ean erreferenduma antolatu eta Kataluniako independentzia aldarrikatzeagatik, akusatuen aulkian eserarazi eta epaituko dituzte; Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea.

Fiskaltzak 7-25 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu haientzat. Aurretiazko izapikideekin abiatuko dute epaiketa, saio hauek hiru egunez luza daitezke, otsailaren 12tik 14ra. Auzipetuei egin beharreko galdeketak aldiz, otsaileko hirugarren astean abiatu daitezke. Epaiketa antza, auzitegien webgunetik zuzenean jarraitu ahalko da. 

Mobilizazio astea

Testuinguru honetan mobilizatzera deitu du Gure Esku Dagok. Mobilizazio astea deitu du. Epaiketa hasiko den egunean elkarretaratzeak antolatu ditu hiriburu eta herrietan. Tartean, Usurbilgo Mikel Laboa plazan. Aldarripe honetan: "Elkartasuna aterpe. Konponbidea. Democracia. Llibertat". Eta otsailaren 17rako manifestazioa Donostian! Elkartasun keinu gisara, Gure Esku Dagotik hori koloreko xingola, jantzi eta abarrekin parte hartzera deitzen dituzte herritarrak hitzorduotan.

Mobilizaziootan demokraziaren aurkako epaiketa izango dena salatuko da. Erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendutik gogorarazten dutenez, "ez dago jokoan soilik, egun preso diren buruzagi katalanen askatasuna, pertsona guztien eskubideak ere bai". Eskubide zibil eta politikoak. Hain zuzen, epaiketa honekin, auziperatuen oinarrizko eskubideak urratuko direla ohartarazten du Gure Esku Dagok. Erreferendun demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutela eta honenbestez, herrien autodeterminaziorako eskubidea ukatu asmo du epaiketa honek, Gure Esku Dagoren esanetan.

Horregatik guztiagatik kalera irteteko ordua dela azpimarratzen dute. Gure Esku Dago mugimenduko ordezkaritza bat Madrilgo epaiketara joango da, injustizia hau irmoki salatu eta preso politikoei eta haien senideei babes osoa adierazteko.

GURE ESKU DAGOREN DEIALDIAK

Otsailak 12, asteartea

19:30 Kataluniako auzipetuekiko elkartasun elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Otsailak 17, igandea

12:00 Manifestazioa Donostiako Groseko Katalunia plazatik Bulebarrera.

Deitzailea: Gure Esku Dago.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: Gure Esku Dago Usurbil