Salto! udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak ekaina amaieran, Usurbildik Arantzara

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 20a, 14:13

Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako hirugarren topaketak antolatu ditu. Estreinakoz topaketa ibiltariak, 2019ko ekainaren 26tik 30era. Potxoenean aurkeztu dute egitasmoa asteazken eguerdi honetan Usurbilgo Udaleko eta UEMA-ko kideek, Usurbil izango baitute abiapuntu topaketa ibiltariok.

Helburuak argiak: "Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko".

Gazteen artean euskararen ezagutzak gorantz egin arren, oraindik orain erabileran eta kontzientziazioan eragitea ezinbestekotzat jotzen dutelako antolatu dira topaketa hauek. Euskaraz bizi diren gazteak "inertziatik kontzientziararako saltos ematea eta horrekien efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin".

Albiste honi atxikitako bideoan dituzue Usurbilgo Udaleko eta UEMA-ko kideek eguerdian Potxoenean egin duten aurkezpenean esandakoak.

SALTO! UDALERRI EUSKALDUNETAKO GAZTEENTZAKO TOPAKETAK
Epea:
2019ko ekainaren 26tik 30era.
Ibilbidea:
1. eguna (ekainak 26, asteazkena): Usurbil-Oiartzun (Usurbilen "Harria Hitz" ibilbidea).
2. eguna (ekainak 27, osteguna): Oiartzun-Bera.
3. eguna (ekainak 28, ostirala): Bera-Arantza.
4. eguna (ekainak 29, larunbata): Arantza.
5. eguna (ekainak 30, igandea): Arantza.

Oharra:bidea begiraleekin egingo da. Egunero ekimen eta dinamikak bisitatzen dituzten herrietan, herri horietako kideekin.

Nori zuzendua:udalerri euskaldunetako (%70etik gorako euskararen indizea dutenak) 14-18 urte arteko gazteei zuzendua (DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleentzat).

Taldearen osaketa:"lagun kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena eman duzuen ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko".

Prezioa:89 euro (prezioaren barne, bost egunetako ekimenak, mantenu osoan, begiraleekin).

Izen emateko epea:
martxoaren 1etik 31ra.

Izen ematea eta informazio gehiago:
UEMA: Enparan kalea 1, 2a
20730 Azpeitia, Gipuzkoa
943 816 699 (astelehenetik ostiralera, 8:00-15:00 artean)
hezkuntza@uema.eus
uema.eus

Antolatzailea:Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA).
Laguntzaileak:Usurbil, Oiartzun, Bera eta Arantzako Udalak.