Web orrialdea berritu dugu, azal eta mami

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 21a, 18:06

Albiste hau irakurtzen ari bazara, ongi etorri! noaua.eus web orrialde berrituan zaude. Azala eguneratzeaz gain, noaua.eus web orrialdearen kudeaketa sistema ere aldatu egin dugu. Era honetan, TOKIKOM tokiko euskarazko hedabideen sarean txertaturik geratu da gure agerkari digitala.

2013an, TOKIKOMek web-plataforma propio bat garatu zuen CodeSyntax enpresarekin batera. Garai hartan NOAUA!k ez zuen ekimen horretara batzeko urratsa eman.  Plataforma eguneratu berri duten honetan, TOKIKOMen sarean txertatzea erabaki dugu. Hiru arrazoi hauek izan ditugu kontuan:

- NOAUA!k lantzen dituen edukiak modu erosoan eta arinean irakurtzeko aukera eskaini. Puntakoa den teknologia baliatuz.

- Gure web orrialdea eskuko telefonoen logikara egokitu. Gero eta gehiago nabigatzen da telefono zein tablet gailuen bitartez.

- TOKIKOMen plataformarekin bat egin. Euskarazko 60 toki komunikabidek osatutako sarea da TOKIKOM. Hasieratik gara sare honetako kide. Aurrerantzean, kide izateaz gain, TOKIKOMek garatutako web plataformako partaide izango gara.

Aldaketa ez da soilik estetikoa izango. Albisteak kudeatzeko edizio-sistema ere aldatu egin da. CodeSyntaxek garatu duen plataforma baliatuko dugu horretarako. Beraz, itxura berritzeaz gain, lan egiteko modua ere aldatu egin da.

 

30 erreminta inguru

Aiurri (Beterri-Aiztondo bailara), Txintxarri (Lasarte-Oria) eta NOAUA garai beretsuan batu gara TOKIKOMen plataformara. Dagoeneko 20 hedabidek darabilte euskarri zentral berbera, tokiko hedabideek Interneten argitaratzeko behar dituzten tresnak eta funtzionalitateak eskainiz: albistegia, agenda, komunitatea, gida komertzialak, iragarkiak, zorion-agur eta eskelak, bideoteka, argazki-galeriak, eta abar. Guztira 30 erreminta inguru eskaintzen ditu CodeSyntaxek garaturiko plataformak. Batzuk martxan ditugu. Besteak ezartzeke daude. Gutxinaka joango gara erreminta denetaz baliatzen.

 

Berria eta malgua

TOKIKOMeko agerkari digitalek duela bost urte hasitako ibilbide haren bigarren urratsa eman dute aurten, plataformaren 2.0 bertsioa garatuz. NOAUA Kultur Elkartearen web orrialdea 2.0 bertsio berrituaz baliatu ahal izango da. Funtsean, birdiseinu oso bat izan da, TOKIKOMeko Batzorde Teknologikoko kideen laguntzarekin bideratu dena. Azpiegitura teknikoa eguneratu eta berritzeaz batera, batez ere hiru izan dira fase honetako helburu nagusiak: webguneen bista orokorrak mugikorretan pentsatuz birdiseinatzea, webgune guztien txantiloiak bateratzea eta hedabide bakoitzari bere izaera emateko portada-sistema malgu bat garatzea, bakoitzak bere beharretara egituratu dezan edukia, guztiek ere azpiegitura berbera erabili arren.

Egokitzapen fasean gaude oraindik. Aurreko web orrialdeko atalen bat faltan botatzen baduzu, idatzi ezazu helbide honetara eta saiatuko gara zure zalantzak albait arinen argitzen: erredakzioa@noaua.eus