Gurasoak, haurrak, kirolariak, koadrilak, bikoteak, ikasleak, gazteak... Eskuko hatz lodia igota, baiezkoa ematen ari dira adostasunari eta modu horretan jada, lagun mordoas bat egin du GuraSOSek larunbaterako (otsailak 23) Donostian deitu duen manifestazioarekin. 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik.
Manifestaziora begira, gogoan izan, GuraSOSek mobilizazio handi honi babesa emateko atxikimendu bilketa kanpaina abian duela. Adostasunaren keinua eginez, lantokietan, lagun artean, familian... argazkiak atera eta GuraSOSi (gurasos.org web orrialdera) helarazteko deia egina dute. Aipatu web orrialdean sartzen bazarete, oso modu erraz eta praktikoan igo ditzakezue argazkiak. Argazkia ze herritatik bidaltzen duzuen eta zer argazki mota den zehaztu eta argazkia erantsi, hortxe egin beharrekoa. Dagoeneko argazki mordoa ari da biltzen guraso taldea, web orrialdean bertan dituzue ikusgai.