Zubietako erraustegia

GuraSOSen larunbateko manifestazioan egia, gardentasuna, konpromisoa eta adostasuna adierazteko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 22a, 10:33

Adostasunaren aldeko mobilizazio handia antolatu du GuraSOSek larunbatean (otsailaren 23an) Donostian. 17:00etan abiatuko da manifestazioa Antiguako tuneletik.

"Hondakinak denon kontua direlako, PAPELETA BAT BAINO GEHIAGO GARELAKO, herritar arduratsuz osatutako herria garela erakusteko eta GURE IRITZIA KONTUTAN har dadila aldarrikatzeko, larunbatean denok DONOSTIARA, ESAN BAIETZ adOStASUNAri!!! 17:00etan Antiguoko tuneletik abiatuta!!!!", hortxe deitzaileen, GuraSOSen gonbita larunbaterako.

Mobilizazio handia duela hilabete iragarri zuen GuraSOSek Donostiako Paseo Berriko Oteizaren eskultura parean deitua zuen agerraldian. "Hondakinen kudeaketa eredua baino askoz gehiago dugu jokoan otsailaren 23an. Gizarte eredua dugu jokoan, demokraziaren kalitatea, duintasuna eta gizarte bezala dugun etorkizuna. Horregatik denok esan baietz XXI. mendeko Gipuzkoako demokraziari". 

Gizarteko sektore guztiak, gipuzkoar guztiak deitu dituzte manifestaziora. Herritarra erdigunean jarri, eta kezkatzen duten gaien bueltan, benetako informazioa helarazi, hitza hartu, benetako parte hartzea bultzatu, eta elkarrizketaren bidetik adostasunera heltzea eskatuko da; hitz gutxitan, demokrazia osasuntsuagoa izatea aldarrikatuko dute gipuzkoarrek larunbatean  Donostian.

Herritarrak, elkarrizketa, adostasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiari, Batzar Nagusiei eta eragile politiko guztiei hainbat eskaera luzatzen dizkiete. Gizartea ez dezatela erabili ezta baztertu ere. Parte hartze nahiz erabakitze eskubidea nahi dutenean bakarrik ez dezatela erabili. "Gizarteari eta herritarroi begirunea, errespetua izateko, dagokigun duintasuna aintzakotzat hartzeko" eskatu du GuraSOSek. 

Interes guztien gainetik, erdigunean herritarrak jartzea galdegin diete agintari politikoei. Herritarrekin elkarlanean aritzea. "Erabaki ezazue, gatazka edo elkarrekin adostasun bila ibiltzea". 

Geroz eta arduratsuagoa, kezkatuagoa ageri den gizarteari "leku bat egin behar diozue" adibide gisara aipatu dituzten hainbat gaien bueltan; ingurumena, etxebizitza, pentsioak, osasuna, heziketa, berdintasuna... "Gai hauen guztien aurrean gure lekua izan nahi dugu, gure kezka azaldu eta elkarrizketaren bitartez akordioak lortu", adierazi du GuraSOSek. 

Gizarteari eragiten dioten gaietan "parte hartze zuzena eta aktiboa izan nahi dugu", adierazi dute. Eta benetan parte hartu ahal izateko, "benetako informazioa eta aukerak jarri behar dira mahai gainean".

"ESAN ADOSTASUNARI BAIETZ!" MANIFESTAZIOA
Eguna: otsailak 23, larunbata.
Ordua: 17:00.
Tokia: Antiguako tunela.
Aldarria: "Esan baietz adostasunari!". 
Deitzailea: GuraSOS.

Informazio gehiago: gurasos.org