Zubietako erraustegia

"Zuek pastak jan eta guk kontua garbi!"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 22a, 10:04

GuraSOSen egitasmoen gastuei auzolanean aurre egiteko babes-kutxak ditu salgai udazkenaz geroztik. Larunbateko manifestazioan ere eskuragarri izango dira Usurbilgo haurren marrazki eta hitzaz apaindutako kutxak. Entzun albiste honi atxikitako audio artxiboa. GuraSOSeko haurren taldeak sortu duen musika piezari! Babes-kutxak erostera animatzen gaituzte.

"GuraSOSentzat! Adi egon! Gurasos taldetik zuei herriari, lana egin ondoren gogotik ugari. Orain erantzun behar diogu zorrari. Hartu ezazu kutxa bat edo kutxa bi! Eman alabari eta semeari, zergatik ez aitona edo amonari? 10 euro bihurtu itzazu opari. Zuek pastak jan eta guk kontua garbi. Erostazu! Zuek pasta jan eta guk kontuak garbi! GuraSOSentzat! Adi egon!".

Hitz hauei musika jarri eta abesten entzun ditzakezue GuraSOSeko haurrak albiste honi atxikitako audio artxiboan. Guraso taldeak berak helarazi dio NOAUA!ri. Urriaren 7an Usurbilgo frontoian antolaturiko tailerretan sortutako marrazki eta hitzekin apaindutako babes-kutxak erostera animatzen gaituzte larunbateko Donostiako manifestazioan!

5.000 kutxa salduak
Haurrak, ingurumena, elkarbizitza, etorkizuna... Gipuzkoa babestuko duten babes-kutxak jarri zituen salgai GuraSOSek joan den udazkenean. Ordutik, "5.000 kutxa baino gehiago zabaldu dira", GuraSOSek otsailaren 10ean Lasarten egindako ekitaldian, elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak zioenez. 

"Horrek esan nahi du jende askorengana heldu dela gu zabaldu nahian gabiltzan mezua", gaineratu zuen. Hain zuzen, 2018an zehar, hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren gaian, Foru Aldundiak ukatutako hitza hartu eta konponbiderako bide-orri bat elkarlanean landu eta adosten aritu dira Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta aditu, Hitzartu prozesuaren baitan. Horrekin batera, ekimen eta dinamika gehiago bideratu ditu GuraSOSek azken urteotan. 

Egitasmo guztiok gauzatu diren modu berean, auzolanean egin nahi die aurre baita ekimenok eragindako gastuei. Horretarako sortu zituzten aipatu babes-kutxok. "Kutxa hauek bazter guztietara zabaltzeak, eman digu arnasa zor horiei guztiei aurre egiteko", Izetaren esanetan. 

Erronka berria proposatzen digute orain. "Oraindik zorrak baditugu, seguru batzuk jada kutxa baduzuela, orain gure erronka honakoa da: hartu bigarren kutxa, denon artean kitatu behar ditugu zor hauek". 80.000 euroko gastuei aurre egiteko, 56.408,55 euro bilduak ditu jada GuraSOSek. Elkartearen web orrialdean, gurasos.org atarian dituzue xehetasun gehiago. 

Usurbilgo saltokietan eskuragarri
Gogoan izango duzue urriaren 7an, etorkizuna kolore biziz margotu eta idaztera gonbidatu zituen GuraSOSek haur eta gaztetxoak Usurbilgo frontoian. Igande goiz hartako ekimeneko marrazki eta hitzekin apaindutako babes-kutxak dira, GuraSOSek 10 eurotan salgai jarritakoak. Usurbilen saltokiotan eskura ditzakezue: Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Alkartasuna, Iratze naturtenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia, Ixabel Estetika Zentroa, Lurda.