Guztion Egitasmoa aurkeztuko die Udalak 19:00etan Potxoenean lokaletako jabeei

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 25a, 08:02

Beterri-Buruntzako udalek hutsik dauden lokalak dinamizatzeko landu duten Guztion Egitasmoa izeneko proiektua aurkeztuko die Usurbilgo Udalak astelehen honetan (otsailak 25) 19:00etan Potxoenean, lokaletako jabeei.

Beterri-Buruntzako udalen (tartean Usurbilgoaren) proiektuaren helburua herriguneetan hutsik dauden lokalak dinamizatzea da, guneotan jarduera ekonomiko berriak sustatzea. Horretarako, lokal hutsen egoerari buruzko azterketa egin nahi du Usurbilgo Udalak, "lokalon erabilgarritasun maila zehaztu ahal izateko. Hau da, udalak neurtu nahi du ze lokaletan beharko liratekeen egokitzapenak jarduera berriak ireki ahal izateko bertan eta egokitzapenok egiten laguntzeko dirulaguntza bereziren bat kaleratzeko beharrik ba ote den aztertu nahi du. Bestetik, lokal hutsen poltsa publiko bat ere osatu nahiean dabil Udala, negozio bat irekitzeko lokal bila dabilen ekintzailearekin zubilana egiteko, eta lokalaren jabea eta ekintzailearen arteko harremana errazteko". 

Aipatu moduan, egitasmo hau lokaletako jabeei aurkeztuko die astelehen honetan (otsailak 25) 19:00etan Potxoenean. Hitzorduaren eta proiektuaren berri emateko, Udala lokalon jabeekin jarri da hartuemanetan egunotan.