Potxoenea, Sutegi edota euskaltegia joan etorri ugariren lekuko izango dira egunotan. Mugimendua espero da guneotan, eragile ezberdinek deitu dituzten bilera irekiak direla eta.
Astelehen honetan hiru bilera deitu dira. Urte amaieran zendu zen Felix Sarasolari omenaldia egingo zaio martxoaren 31n. Hitzordua prestatzeko bilera irekia deitu dute bere lagunek gaurko. Martxoaren 8ko greba feminista eguna antolatzeko ere emakume talde batek bilerarako hitzordua finkatu du astelehen honetarako. Egun berean, Beterri-Buruntzako udalek (tartean Usurbilgoak) sustaturiko "Guztion Egitasmoa" izenekoa aurkeztuko die Udalak herriko lokalen jabeei. Hain zuzen, lokal hutsak dinamizatu nahi ditu egitasmo honek. Helburua, "lokal hutsen poltsa publiko bat osatzea da, negozio bat irekitzeko lokal bila ari den ekintzailearen zeregina errazteko".
Asteazkenean, Usurbilgo jaiak diseinatzen segitzeko bigarren bilkura ere antolatu da; gogoan izan, ekainaren 28tik uztailaren 2ra zer nolako festak ospatu nahi ditugun proposatzeko aukera izango dute norbanako nahiz eragileek.
Elkar-Gureak proiektuaren aurkezpena
Pasa den urrian berri eman genizuen moduan bestalde, Elkar eta Gureak lantegiak Usurbilgo lurretara datoz. Dimentsio handiko proiektu sozioekonomiko honen gaineko xehetasunak agerraldi bidez eskaini zituzten sustatzaileek joan den udazkenean. Orain jendaurrean aurkeztuko dituzte nondik norako guztiak, ostegunerako (otsailak 28) deitu duten ekitaldian.
Amaitzeko, apirilaren 12an eguerdiz gure artetik igaroko den 21. Korrika girotzeko lanean da herri batzordea. Prestaketa lanetan sakontzeko hitzordu berria finkatu dute baita martxoa hasierarako.
BILERA IREKIEN EGUTEGIA
Otsailak 25, astelehena
18:00 Felix Sarasolaren omenaldia prestatzeko bilera Potxoenean.
Deitzailea: Felixen lagun talde bat.
18:30 Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko bilera Potxoenean.
Deitzailea: emakume talde bat.
19:00 Guztion Egitasmoa aurkeztuko die Usurbilgo Udalako lokaletako jabeei.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Otsailak 27, asteazkena
18:00 Usurbilgo Jai Batzordearen bigarren bilera Potxoenean.
Deitzailea: Jai Batzordea.
Otsailak 28, osteguna
18:30 Gureak-Elkar Usurbilen kokatzeko proiektu sozioenomikoaren aurkezpena eta erakusketaren irekiera Sutegiko erakusketa aretoan.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Martxoak 1, ostirala
17:30 Korrika Batzordearen bilera Etumeta AEK euskaltegian.
Deitzailea: Korrika Batzordea.