Asteburuko eraso sexista salatzeko elkarretaratzea 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 26a, 13:19

Asteburuan izan den eraso sexista salatzeko elkarretaratzea deitu dute Usurbilgo Udalak eta mugimendu feministak astearte honetarako (otsailak 26), 19:00etan Mikel Laboa plazan.

Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman zuenez, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat arratsaldean Usurbilen, "genero-indarkeria delitu bat leporatuta".

Antza, larunbat arratsaldean 16:30etan jaso zuen Ertzaintzak eraso matxista bat gertatu zela Usurbil aldean. "Ertzainek, bertara hurbildu zirenean, bi inplikatuak aurkitu zituzten. Dirudienez, bikotea auto baten barruan zegoela, eztabaidan hasi ziren eta gizonezkoak emakumeari eraso eta mehatxu egin zion. Ertzainak ohartu ziren biktimak kolpeak zituela bekokian, masailean eta esku batean, eta, egoera ikusita, beraz, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten genero-indarkeriaren delitua leporatuta. Atxilotu duten gizonezkoak aurrekariak ditu delitu horrengatik, eta gaur, igandea, eramango dute epailearen aurrera".

"Emakume bat erasotua den bakoitzean, jendartea bere osotasunean da erasotua"
Eraso honen aurrean, Udaletik ohartarazi dutenez, "erasoaren berri izan bezain pronto, kasu hauetarako indarrean duen protokoloa ezarri eta erasoa jasan duen emakumearekin harremanetan jarri da, beharrezko laguntza eta aholkularitza guztia eskaintzeko".  

Babesa azaltzearekin batera ordea, "erasoa ozen salatu nahi du Usurbilgo Udalak, herriko mugimendu feministarekin batera, plaza publikoan. Izan ere,  argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua".

Asteburuko erasoak argi erakusten du Udalak ohartarazi duenez, "indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeen aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere". 

Aipatu moduan, Udalak eta mugimendu feministak herritarrak asteburuko eraso sexista salatzeko antolaturiko elkarretaratzean parte hartzera deitzen dituzte. Hitzordua, asteartean 19:00etan Mikel Laboa plazan.


PSE: "Eraso bakoitzak, milaka herritar mobilizatzen ditu"
Asteburuko eraso sexista gaitzetsi du Usurbilgo PSE-EE-k. NOAUA!ra erdaraz helarazitako prentsa oharrean dioenez, "sozialistok ezinbestekotzat jotzen dugu genero indarkeriaren aurka azaltzea, lehentasun gai gisa mantendu eta biolentoak eta estaldura politikoa ematen dituztenak isolatzeko". 

Usurbilgo Udaleko PSE-EE udal taldeko bozeramaile Fermin Orueren esanetan, "genero indarkeria ez da inoiz onargarria" eta halako kasuak salatzen ahalegintzea eskatu du. Usurbilgo herritarrak berriz ere indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu ditu Oruek. "Hilketa bakoitzak, bortxaketa bakoitzak, eraso bakoitzak, milaka herritar, emakumezko eta gizonezko mobilizatzen ditu kalean. Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasunaren muturreko adierazpena dela ziur diren emakumezko eta gizonezkoak".