Euskaraldia

Kike Amonarriz, Euskaraldiaren ondorenaz Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 26a, 17:31

Euskaraldia: 11 egun euskaraz, eta gero zer? solasaldia antolatu du Euskaraldia Usurbilen eragiten aritu den batzordeak martxoaren 12rako (asteartea) 18:00etan Potxoenean. 11 egunetan bizitakoa gogora ekarri eta Euskaraldiak utzitako ondorenaz aritzeko Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu dute hitzordura. 

3. galdetegia

Adi Usurbilgo 1.333 Ahobizi eta Belarriprest guztiok. Dakizuenez 2020an izango dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aurretik ordea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin genuen ariketa kolektiboa borobiltzeke dugu. Dakizuenez, Euskaraldiaren eragina neurtu nahi du Soziolinguistika Klusterrak. Horretarako hiru galdetegi prestatu zituen parte hartzaileentzat. Hirugarrena eta azkena, martxoaren 4tik aurrera jasoko duzue emailez. 

Adi beraz zuen postari. Galdetegia betetzeak 5-10 minutu baino ez dizkizu eskatuko. Oso garrantzitsua da galdetegiok osatzea, Euskaraldiaren benetako eragina neurtu ahal izateko.