Udarregi Ikastolako LH-koen inauterietako ikuskizunerako sarrerak eskuragarri idazkaritzan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 27a, 11:10

Herria inauterietarako mozorrotzear dugu! Ikastetxeak izango dira ospakizunotan murgiltzen lehenak, ikasleek eskainiko dituzten emanaldiekin. Emanaldiotako baterako, Udarregi Ikastolako martxoaren 1eko LH-koen ikuskizunerako sarrerak soberan geratu baldin badira, egunotan eskura ditzakezue ikastolako idazkaritzan bertan. 

Aforo mugengatik iaz Inauterietako ikasleen emanaldi bateratua eskaini beharrean, zikloka antolatzea erabaki zuen Udarregi Ikastolak, hitzorduotara jende gehiago etor zedin. Aurten ere formula bera baliatzea erabaki dute. Honenbestez, HH, LH eta DBH-ko ikasleek ordu ezberdinetan eskainiko dituzte emanaldiak ostiralean, martxoaren 1ean. 

2019ko edizioa, “Mozorroak hemeretzi. Atzo, bihar eta etzi. Inauteriei eutsi!” izenburupean ospatuko da. “Sormenez, zein, konpetentzietan oinarritutako talde lan bikaina dugu Inauterietako ekintza hau”, Udarregi Ikastolako musikako irakasle Jaione Eskuderok NOAUA!ri azaldu dionez. 

3-6 urte arteko HH-ko haurrak izango dira goiztiarrenak martxoaren 1ean, kalera mozorro berezi eta koloretsuekin irteten goiztiarrenak. Segidan, “DBHkoek, sorpresaz betetako mozorro, gai eta dantzekin eta azkenik, LHkoek, Mozorroak 19!!”, Eskuderoren esanetan.

LH-koen saioa arratsaldez ospatuko da. Adi, Kiroldegiko futbol zelai pareko arrapalatik sartu ahalko den emanaldi guztiotarako txartelak eskuratu beharko dira aurrez. HH eta DBH-koen ikuskizunak hasi aurretik, “kiroldegiko zelai kanpoko atean txartela emango zaio ikusleari sartzeko garaian, beraz, lasai joan gozatzera”. LH-koen ikuskizunerako, “LHko ikasle bakoitzari, ikastola bertan txartel bana emango zaio eta soberan geratu diren txartelak ikastolako idazkaritzan jaso ahal izango du bertaratu nahi duen orok otsailaren 27an eta 28an”. 

INAUTERIAK IKASTETXEETAN
Otsailak 28, osteguna
15:30 
Aginagako Eskolakoen inauterietako emanaldia Eliza Zaharrean. Gaia: zirkoa.

Martxoak 1, ostirala
Udarregi Ikastola
10:15 
HHkoen festa. Eguraldi onarekin frontoian, bestela, Oiardo kiroldegian.
11:00 Bi autoen atzetik LH eta DBHkoak desfile moduan, dantzan aterako dira herrian zehar.
11:45 DBHkoen dantza ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.
15:30 LHkoen dantza ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.

Zubietako Eskola
15:30 
Zubietako Eskolakoen inauterietako kalejira. Gaia: Erdi Aroa. Ibilbidea: Eskola, Alamandegi, Barazar eta plaza eguraldi onarekin. Euria bada, frontoian.