Martxoko igandeak, zineari eskainiak

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 1a, 07:47

Sutegiko auditorioko butaketan eroso jarri eta denetariko filmeez gozatzeko aukera izango da martxoko igande arratsaldeetan. Hasteko, Udalak eta Ziortzak negu parte honetarako antolaturiko euskarazko zine zikloko azken proiekzioa martxoaren 3an.

Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak negu parterako antolaturiko euskarazko zine ziklo arrakastatsuak berea egin du. Azken proiekzioa eskainiko dute igandean (martxoaren 3an) 17:00etan Sutegin; “Gazte harrigarria, T.S. Spivet”. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai 3 eurotan kultur etxean bertan. Hemen filmaren aurrerapena: "T. S. Spivet bere familia bitxiarekin Montanako arrantxo batean bizi den hamabi urteko jenioa da. Kartografiarako eta asmakariak sortzeko daukan talentuak ordainsaria jasoko du, zientzia-erakunde batek izen handiko sari bat eman behar baitio. Maleta hartu eta ia herrialde osoa zeharkatuko du saria hartzeko". 

Gaztetxoentzako euskarazko zine zikloa agurtu ostean, proiekzio gehiago izango ditugu martxoko igande arratsaldeetan. Aitzagak antolatuta "El Rey" filma eta filmeko aktoreetako bat, Willy Toledo datoz Usurbilera! Martxoaren 10ean izango da. Hilabeteko bigarren hamabostaldirako NOAUA! K.E.-k antolatuta, euskarazko film laburren emanaldia, Laburbira; eta Felix Sarasola omenduko den egun berean, Joseba Sarrionandia agertaraziko digun "Gure oroitzapenak" pelikularen proiekzioa izango dugu.


Martxoak 3, igandea
17:00 Haurrentzako zinea euskaraz: “Gazte harrigarria, T.S. Spivet”.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.

Martxoak 10, igandea
18:00 Mahai-inguru irekia Willy Toledorekin Sutegiko erakustaretoan.
19:00 "El Rey" filmaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.

Zehaztasunak: "El Rey” pelikula, aparteko ikuskizuna! Filmaren oinarria “El Rey” antzezlan arrakastatsua da (3 urtez estatu osoan ehunka aldiz antzeztu dena), non Juan Carlos de Borbon Errege Emerituaren inguru ilun guztiak gordinki eta artez argitzen diren. Alberto San Juan, Luis Bermejo eta Willy Toledo hirukotearen gailurreko antzezpenaz gozatuko dugu.

Aukera bikaina, 19:00etan, Willy Toledo berak pelikularen aurkezpena egingo du eta 18.00etan, Erakustaretoan mahai inguru irekia Willy Toledorekin, nahi duzun gai berarekin eta guztiekin eztabaidatu: antzerkia, kultura, Willyk pairatzen duen betoa, egungo politikaren egoera: espainia, EH, Venezuela, Kuba, VOX...".
Sarrerak: filma ikusteko sarrerak 5 eurotan aurrez salgai, Aitzagan eta Txirristran.
Antolatzailea: Aitzaga.

Martxoak 24, igandea
19:30 Laburbira, Euskarazko Film laburren emanaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: euskarazko film laburren emanaldia. Euskal Herriko 35 herri bisitatuko ditu martxotik apirilera Laburbira ekimenak, tartean Usurbil, NOAUA! K.E.-ren eskutik. Aurten, 2016-2018 urte artean ekoitzitako 9 film eskainiko dira.
Proiektatuko diren filmak: 
-"Begi ninien koreografia" (10´30´´), Arrate Fernandez Itsaso.
-"Shell phone" (9´42´´), Miren Mujika.
-"Ama" (7´20´´), Josu Martinez.
-"Zapatak" (3´00´´), Irati Murua.
-"June" (7´33´´), Arantza Ibarra.
-"Ilunpean" (3´09´´), Lapatx films.
-"Hotzean garbitu" (14´), Maddi Barrenetxea-Marta Teijeira.
-"Erroak" (8´39´´), Ane Zuazubiskar Iñarra.
-"Handiak eta txikiak" (1´36´´), Laida Ruiz.

Sarrera: doan.
Informazio gehiago: kameratoia.eus
Antolatzailea: NOAUA! K.E.

Martxoak 31, igandea
18:30 Zinea: "Gure oroitzapenak" Sutegin.
Zehaztasunak: "Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia. Sarri iruditan agertzea du helburu “Gure oroitzapenak” filmak. Horren asmoz, Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute proiektu hau. Proiektuan parte hartzen duten zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena... Baina, gainera, auzolana ere bada non, honetan edo hartan, berrehun lagun baino gehiago aritu baitira. Haiei guztiei, milesker bihotzez".
Sarrerak: 6 euro (Aldez aurretik Lizardin eta Noua!n). Bazkideek 4 euro, Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.