Pentsiodunek mobilizatzen segiko dute, haien aldarrikapenak agenda sozial eta politikoetan sartu arte

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 28a, 21:14

Hala jakinarazi dute herriko jubilatu elkarteek deituta, ostegun iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. 

Aurreko hilabeteotan hartutako konpromisoari tinko eusten segitzeko asmoa dute pentsiodunek. "Gure elkarretaratze eta manifestazioekin jarraituko dugu, gure aldarrikapenak datozen hilabeteetako agenda sozial eta politikoetan sar daitezen". 

Ostegun honetako elkarretaratzean berri eman dutenez, Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformetako ordezkaritza bat Madrilen izan zen otsailaren 20an. Parlamentarien talde zenbaitekin bildu ziren, pentsiodunen aldarriak helarazi eta defenda ditzatela galdegiten. Apirilaren 28ko hauteskundeak tarteko, aipatu eskaera guztiak bideratzeko Espainiako Gorteak martxoaren 5ean desegin arteko epea zutela gogorarazi zitzaien. Bestela, "alderdi politikoek beraien hauteskunde programetan sar ditzatela" galdegiten dute eta "nornahik gobernatzen duelarik ere, eskaera horiek defendatzeko konpromisoa har dezatela". 

Greba feministari babesa
Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek deitutako elkarretaratzean, babesa adierazi diote Martxoaren 8ko greba feministari. Horrekin batera, 1919ko martxoaren 11n lortutako Derrigorrezko Erretiroaren ehungarren urtemuga oroituko dute hilaren 11n. Hego Euskal Herrian mobilizazio egun gisa izendatuak dituzte apirilaren 13a eta maiatzaren 11. Eta Usurbilen, hilero azken ostegunetan elkarretaratzeak deitzen segiko dute gaur bezala, 19:00etan Mikel Laboa plazan.