Martxoak 8

"Herriko emakumeekin batera aterako gara kalera Martxoaren 8an"

Martxoaren 8an 24 orduz planto egiteko mugimendu feministak eginiko deialdiarekin bat egin dute Usurbilgo EHBilduko emakumeek ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan egin duten agerraldian. Belaunaldi ezberdinetako emakumeek parte hartu dute hitzorduan.



Orain arte bezala, azpimarratu dutenez, "mugimendu feministarekin, herriko emakumeekin batera jarraitu nahi dugu lanean aurrerantzean ere. Eta, esan bezala, eurekin batera aterako gara kalera martxoaren 8an, berdintasunean oinarritutako jendartean eta Usurbilen sinesten dugulako".

Ondoko adierazpena plazaratu dute:

EHBILDUKO EMAKUMEEN ADIERAZPENA
Ia urtea joan da, milaka emakume hemen bertan eta Euskal Herriko plazetan eta txokoetan elkartu ginenetik. Berdintasuna erdiesteko sentimenduak eta aldarrikapenak batu gintuen, berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko bidean urratsak emateko sentimenduak eta nahiak batu gintuen. Guretzat eta gure ondorengo belaunaldientzat jendarte eta herri hobea eraikitzeko nahiak batu gintuen. Iaz gertatu zena denbora askoan gogoratuko dugu. Mobilizazio, aldarrikapen eta batasun ariketa indartsua izan zen.

Iaz inoiz baino indartsuago azaleratu zen sentimendu hori berriro ere kalera aterako da martxoaren 8an. Jendarte honen egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen dutelako. Eta gure gainean mehatxu berriak ditugulako, eta horiek behar bezala neurtzen eta erantzuten jakin behar dugu. Mundua, Europa eta Espainiako estatua zeharkatzen ari den olatu autoritarioa mehatxua da azken hamarkadetan kalean, lantokietan, instituzioetan eta jendarteko esparru guztietan egindako borroken bidez lortutako eskubideentzat. Hain justu, gu geu, emakumeok gara olatu antidemokratiko eta autoritario horren jo-puntu nagusietako bat. Etxean nahi gaituzte, eskubiderik gabe. Egun garena baino okerrago nahi gaituzte, bigarren mailako herritar bezala nahi gaituzte. Baina izan dezatela argi: ez dugu onartuko eta merezi duten erantzuna emango diegu.

Egoera honen aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu kaleko mobilizazioari eustea eta, aldi berean, instituzioetan lan egitea, emakumeen eskubide politikoak, ekonomikoak eta sozialak bermatzeko. Martxoaren 8an hitzordu garrantzitsua daukagu gure herriko kaleetan. Mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako mobilizazioaren bat egiten du EH Bilduk. Kalean egongo gara milaka emakumerekin batera, beren egunerokoan eragina daukaten politika ekonomiko, sozial eta kulturaletan aldaketa sakonak aldarrikatzeko. Berdintasunean oinarritutako jendarte eredu justu eta aurrerakoia eraikitzeko lanean ari den indar politiko bezala, sinetsita gaude mugimendu sozialekin batera elkarlanean jardun behar dugula. 

EH Bilduko emakumeok ondo dakigu berdintasunaren aldeko eta jendarte justuagoa eraikitzeko lana egunero egin beharra dagoela eta esparru guztiei eragiten dien zerbait dela. Horretan ari gara egunero, esaterako, Usurbilgo Udaletik. Parekidetasuna abiapuntu eta helmuga da EHBildurentzat, eta, ondorioz, gure udal-jarduna blaitzen duen irizpide nagusietako bat da. Zehar-lerroa. Hain zuzen, halaxe dago jasota 2017. urtean osatu zen Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Planean. Plan hori berdintasunaren arloan gure iparrorratza da. Finean, planaren helburua da herritarren bizi-baldintzak hobetzea, besteak beste, generoen arteko desberdintasunak ezabatu eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko. Planaren lan-ardatzak honakoak dira: berdintasunaren aldeko gobernantza; emakumeen boteretzea eta balio-aldaketa; herri zaintzailea eta hezitzailea, eta indarkeriarik gabeko herria. Lan-ildo bakoitzaren barruan hamaika ekimen ari gara antolatzen, hala nola ahalduntze-ikastaroak, autodefentsa feministarako ikastaroak, udal-langileei ematen zaien formazioa, hezkidetza-programak eta abar luze bat. Eta zoriontzekoa da ekimen guztiek duten harrera eta parte-hartzea. Zorionak, beraz, Usurbil! 

Mugimendu feministarekin, herriko emakumeekin batera jarraitu nahi dugu lanean aurrerantzean ere. Eta, esan bezala, eurekin batera aterako gara kalera martxoaren 8an, berdintasunean oinarritutako jendartean eta Usurbilen sinesten dugulako.