Willy Toledo eta Agustin Otxotorenarekin, Venezuelari buruzko solasaldia 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 5a, 10:33

Venezuelaren beste aldea, azaltzen ez diguten hori ezagutzeko aukera eskainiko digu Tadamun elkargune internazionalistak, astearterako (martxoak 5) 19:00etan Sutegin antolatu duen hitzaldian. Bi aurpegi ezagun gonbidatu dituzte hitzordura; batetik, Venezuelan bertan urteak bizitzen dataman Agustin Otxotorena euskal enpresaria eta berarekin batera, Willy Toledo aktore ezaguna.

Asiera batean Otxotorenaren parte hartzea iragarria bazegoen ere, azken orduotan Tadamunek berri eman duenez, Willy Toledo aktorea ere asteartean Sutegira dator. Aitzaga Elkarteak iganderako (martxoak 10) Sutegin antolatu duen "El rey" filmaren proiekzioa ere aurkeztekoa zen Toledo baina ez du etortzerik izango. Honenbestez, aktorea entzuteko aukera bakarra astearte honetan bertan izango duzue. 

Usurbila etorri aurretik, Toledok eta Otxotorenak leku gehiagotan eskaini dituzte Venezuelari buruzko hitzaldiak. "Euskal Herri osotik eskaintzen ari den hitzaldi biraren barnean, Venezuelan bizi den enpresariaren ikuspegia ezagutzeko aukera izango dugu Usurbilen. Berarekin Willy Toledo aktorea ere izango delarik. 
Komunikabide hegemonikoek saltzen digutenetik haratago, Venezuelako herria pairatzen ari den egoera gordin eta korapilatsuaren inguruan hitz egingo digu", iragarri du Tadamun elkargune internazionalistak.



Venezuelaren beste aldea argitara 
Venezuelan urteak bizitzen daramatzan euskal enpresari Agustin Otxotorenaren hitzaldia izango dugu martxoaren 5ean 19:00etan Sutegin. Venezuelan gertatu baina kontatzen ari ez den errealitatea plazaratzera dator. Hitzordua Tadamun Usurbilgo elkargune internazionalistak antolatu du, baina ekitaldiaren hariak Aintzane Iribar Aguiar hasi zen mugitzen. Urteak eman ditu Usurbilen bizitzen, baina Caracasen jaioa da. Venezuelako egoera nola bizitzen ari den galdetu diogu.

Venezuela duzu sorterria.
Aintzane Iribar Aguiar:
Caracasen jaiotakoa. Ama Venezuelakoa, aita euskalduna. 10-11 urte arte egon nintzen bizitzen han. Estatu kolpea izan zela eta hona etorri nintzen. Hango egoera zailagoa zen eta gurasoek ni hona etortzea erabaki zuten. 

Hemen bizi arren, harreman estua mantendu duzu ordutik sorterriarekin.
Bai, ama eta bere familia han bizi baita. Orain egoera ez da samurra. Ama eta familia beldur handiz daude eta nahiago dute ni hara ez joan eta egoera lasaitu arte hemen geratzea.

Venezuelatik etorri aurreko etapa nola oroitzen duzu?
Caracaseko auzo batekoa naiz, familia apalekoa. Chavez boterera heldu zenean han bizi nintzen oraindik. Esperantza eta aldaketa zen Chavezek irudikatzen zuena. Karisma handia zuen. Bertan ezagutu nuen, berarekin egoteko aukera izan nuen. Iraultzaren beste garai bat bizi izan genuen. Orain hemen bizita, urrunetik ikustea erraza da, baina bertan egotea desberdina da. 

Venezuela tentsio egoera betean dela helarazten ari zaizkigu hedabideak. Ezaguna zaizu zuri, lehendik ere? 
Bai eta nik uste venezolarrei ere ezaguna zaiela. Horregatki gehiago larritzen gara kanpoan gaudenak, bertan daudenak baino. Venezolarrak oso umoretsuak dira. Txantxetan dabiltza sarritan Guaido eta Madurori buruz, eta horrek asko babesten die, egoera benetan larria bizitzen ari baitira. Lehen ere, eskuinak estatu kolpea emana du. Chavezek 3 estatu kolpe saiakera izan zituen gutxienez. Bi egunez Chavez kendu zuen boteretik eta irla batera eraman zuten. Herria kalera irten zen presidentearen itzulera eskatzera eta une hura bizi izan nuen senideekin kalean. Presidentetza laburrena izan zen, 48 ordukoa, ejertzitoak Chavez ekarri baitzuen.


Giro horrek antza handia du orain gertatzen ari denarekin?
Amari galdetzen diot ia nola bizitzen ari diren eta amak esaten dit oraingoa gogorragoa iruditzen zaiola. 

Gerra hitza ere sarritan hartzen ari dira ahotan.
Bai baina hori ez da kontu berria. Amak aspalditik esaten dit gerra zibila dagoela. 2015ean hara joan nintzenean, janariarekin gatazka handia zegoela ikusten nuen, gauzak eskuratzeko zailtasunak zeudela. Inork ez du erantzukizunik bere gain hartu nahi. Hala ez goaz inora. 

Venezuela barruan gatazka aspalditik datorrela aipatzen duzu, baina kanpotik ere ez dago gatazka hau konpontzearen aldeko giroa ezta.
Badago gerra bat Venezuelari egiten zaiena, eta ez bakarrik AEB-ri Europari ere interesatzen zaiona. Venezuela baliabide asko dituen herri bat da: petrolioa da garrantzitsuena, nire ustez hau dena petrolioagatik dator. Baina gasa du, diamanteak, urrea, mineralak, lur ona… Baina eguneroko hango errealitatea bestelakoa da. Txikitako bi lagun geratzen zaizkit bakarrik Venezuelan, beste guztiak kanpoan daude. Horrek zerbait esan nahi du, gazte asko joan dira. Bat ez da joaten bere herritik, benetako beharra ez badu. Bi lehengusu Txilen bizi dira eta argi diote hilabete bukaerara heldu daitezkeela bertan, Venezuelan ez. Hori esatea oso gogorra da. 

Ulertezina dirudi, baliabideetan hain aberatsa den herri batek nola dituen bizi baldintza hauek.
Blokeo bat dago. Gertatzen ari denetik beldur gehien ematen didana AEB Venezuelan sartzea da.  Hala gertatzen bada, hor gerra piztuko dela iruditzen zait. Venezuela barruko egoera oso zaila da. Venezolarren artean arrakala bat dago betidanik, gaur egunean oso nabaria da. Sistema usteldua dago. Venezuelak dituen lurrekin elikagai falta izatea ez da onargarria. 

Itsasoz alde honetan ez al dago hipokresia handia, Venezuelan gertatzen ari dena epaitzerakoan?
Bai. Hori bizi behar da. Chavista zara edo opositorea. Inork ez du esaten batetik eta bestetik zer atera daitekeen. Bat edo beste zera.

Elkar ulertu ezin diren bi bloke. 
Bada harritzen nauen gauza bat. Urtarrilaren 23ko martxako irudiak ikusi nituen eta jende asko du aurka Madurok. Maduro ez da Chavez eta ez da izango. Madurok ez du boterea edozein modutan utziko. Herriaren zati handi bat kontra du baina indar armatuak alde. Jendeak dio Chavezen ondarea bizirik dagoela. Jendeak benetan Chavez maite zuen eta Chavez militarra zen. Chavezek hautatu zuen Maduro.

Fideltasuna kontuan hartzekoa da beraz.
Bai. Beste aldean, oposizioa. Bere burua presidente izendatu duenak zer eskaintzen du? Ezer ez. Ez dago planik. Nire beldurra da Venezuela salduko ote duten. Chavezek sortu zituen Karibeko herrialdeen bateragunea, Latinoamerikako herriak batzeko eta AEBri begira ez egoteko. Chavezek alfabetatizatu zuen ia herri oso bat. Inork ez du esaten hori. Polita da onda dagoena aitortzea, goazen gaizki egindakoa aztertzera. Baina horretarako ere gai ez gara.

Venezuela bidegurutze batean dagoela esango zenuke, nondik jo erabakitzeko unea heldu zaiela? Epe motzerako zer aurreikuspen duzu zure sorterrirako?
Edozein modutan, gerta daikeena oso gogorra izango da. Baina hau ere ez da kontu berria. Kanpotik iritzia ematen dugu, baina haiek erabaki eta konpondu behar dute. Haien kontua da. Inork esaten ez duen arren, asko dago jokoan. 

Hemen zaudeten venezolarrok, gaiari buruz hitz egiteko beharra izango duzue?

Taldeak egiten ditugu whatsappean. Ikusten da bat Chavezen banderarekin, bestea Caprilesenarekin. Elkar laguntzen gara gure artean. Gero posizionatu behar bagara... Hemen manifestaldi batzuk egin dira, eta ikusi dut lagun batzuk nora joan garen eta beste batzuk nora joan diren. Hau da dagoena. 

Zure sorterriarekiko duzun kezkak hitzaldia antolatzera bultzatu zaitu.
Venezolarra naiz eta egoera hau ikusteak barruak mugiarazten dizkit, familia dut han  eta nire sorterria da. Beti zaude gertatzen ari dena jarraitzen, zer moduz diren... Venezuelan bizi da Agustin Otxotorena. Enpresari euskalduna da, pertsona interesgarria. Hitzaldiak eskaintzen ari da Euskal Herrian eta kanpoan. Venezuelan gertatu eta telebistan ikusten ez dugun beste aldea kontatzen du. Argi hitz egiten du. Hitzaldia eskaintzea proposatu nion eta berak adierazi dit berarentzat betebehar bat dela. Hori esan zidanean hunkitu ninduen. Jendeak beste aldea ezagutu behar duela dio. Hitzaldia antolatu dugu, galderak ere egin ahalko dira. 

Gai batzuetan sakonduko du edo orohar Veneuzuelaren erradiografia egingo du?
Egungo egoera aztertzen du, nola heldu diren honaino, gertatzen ari denaren atzean zer dagoen, kontatzen ez diren ze interes dauden, batez ere hainbat kontu gezurtatzeko. Interesgarria izango da bere hitzaldia. Arrakasta handikoak izaten ari dira. Bolondres moduan egiten du hau guztia. Berak esan bezala, betebehar bat da. Benetan eskertzen dut eta interesgarria da bertan bizi den pertsona batek bere iritzia ematea. Egunerokoan han bizi den baten ahotsa entzutea interesgarria da. Animatu, Sutegin itxarongo zaituztegu guztioi. Hausnartu eta Venezuletako albisteak ikustean zer pentsatu ematen badigu ondo!