Haizeagatik eta baso sute arriskuagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 5a, 13:00

Abisu horian gara gaur goizetik eta hala segiko dugu asteazkenera arte, haizeagatik eta baso-sute arriskuagatik.

Haizeagatik gaur arratsaldeko 18:00etatik asteazken iluntzeko 21:00ak arte. "Hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki ekialdeko eta mendebaldeko muturrean", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Horrekin batera, baso-sute arriskuagatik ere abisu horia indarrean izango da asteazken eguerdiko 12:00ak arte, "landaretzaren lehortasunagatik, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Martxoak 5, asteartea
"Hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da gaur. Giro nahiko argia espero dugu, egunaren bigarren zatian erdi-mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko diren arren. Haizeak hego-mendebaldetik joko du eta lekurik haizetsuenetan indartsu ibiliko da, arratsaldean eta gauean batez ere. Tenperatura maximoek gora egingo dute eta ipar isurialdeko toki askotan 20 ºC-ak gaindituko dituzte. Hegoaldean, aldiz, tenperatura ez da hainbeste igoko eta beroenak 15-17 ºC artean geratuko dira".

Martxoak 6, asteazkena
"Asteazkenean ere hegoaldeko haize zakarra nagusituko da ia egun osoan. Hainbat fronte gerturatuko dira eta hodeiak ekarriko dituzte. Horrekin batera zaparrada batzuk ere bota ditzake, baina hegoaldeko haizea dela eta, era sakabanatuan botako ditu eta barnealdera mugatuko dira gehienbat. Ez da baztertzen puntualki zaparradak trumoitsuak izan daitezkeenik. Tenperatura maximoei dagokienez, antzekoak edo apur bat baxuagoak izango dira. Egunaren azken orduetan haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, kostaldean oso zakar, eta orduan kostaldera ere zaparradak sartuko dira".

Martxoak 7, osteguna
"Ostegunean giroak argitzera egingo du orduak igaro ahala. Eguna moteletik hasiko dugu, hodei ugarirekin, eta euria ere egingo du, batez ere ekialdean. Elur-maila 1000 m inguruan egongo da. Goizean hodeiak gutxituz joango dira eta zerua partez hodeitua geratuko da gainerako orduetan. Mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira; orokorrean 12-16 ºC artekoak izango dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus