Martxoak 8

Martxoaren 8ko greba feminista egunerako egitaraua prest

Astearte arratsaldean egindako azken bilkuraren ostean argitara eman du Usurbilgo emakume* talde batek asteotan ontzen aritu diren Martxoaren 8ko greba feminista egunerako egitaraua.

Hausnarketarako, mobilizatzeko, sortzeko tartea izango dute emakumeek, mugimendu feministak ostiral honetarako deitua duen greba egunean. Heteropatriarkatu kapitalistari planto egiteko gonbita luzatzen diete Usurbilgo emakumeei. Planto egin eta kalera irtetera. Kaleak eta plazak okupatzera. 

Martxoaren 8ko greba feminista prestatzen aritu den emakume* taldeak elkarrekin kalean bizitzeko egitaraua josi du ostiralerako. Auzoetan elkartu eta frontoirako bidea hartuko dute 9:30etan. Ordu erdi beranduago, 10:00etan, kalejira zaratatsua abiatuko dute frontoitik. Kalejira amaituta, greba feminista honen bost ardatzen inguruan hausnartuko dute; Martxoaren 8ko greba, pentsiodun, ikasleen, zaintza, enplegu eta kontsumo greba eguna izango baita.

Hausnarketarako tartea amaituta, berriz ere herritik barrena mugituko dira. Manifestazio alai eta koloretsua iragarri dute Usurbilen barrena eta amaieran, bertaraturikoekin talde argazkia aterako da. 

Mikrofono irekia eta akelarrea
Emakumeek eguna elkarrekin eta kalean partekatzeko bazkaria ere antolatu dute, jatekoa eta tresneria norberak etxetik eramanda. Sormenari eskainitako bazkalostea programatu dute gero. Lehenbizi mikrofono irekia herriko emakumeentzat*. Abesti batzuk kantatu, poesia errezitatu, antzeztu… ahalko da. Baina aurrez izena eman telefono zenbaki honetan: 634 453 333. Sorginen akelarrea iragarri dute gero.

Eta eguna Donostiara joanez borobilduko dute. Hiriburuetan manifestazioak deitu ditu mugimendu feministak. Usurbildik Gipuzkoako hiriburura joateko deia egiten dute. 19:00etan abiatuko da mobilizazioa Antiguako tuneletik.

MARTXOAK 8, OSTIRALA: GREBA FEMINISTA
09:30 Auzoetatik Dema plazara! Hitz egin emakume* bizilagun, auzotar eta gainerakoekin. Batera, bakarrik… Baina gogoratu 10:00etan frontoian geratu garela!
10:00 Kalejira zaratatsua frontoitik hasita.
10:30 Grebako bost ardatzen inguruko tailerra: pentsiodunak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.
13:00 Manifestazio alai eta zaratatsua. Emakumeok* heteropatriarkatu kapitalistari planto! Amaieran, argazki erraldoia Dema plazan.
14:00 Bazkaria frontoian. Ekarri etxetik jatekoa eta beharrezko tresnak.
Ondoren, bazkaloste girotua. Mikrofono irekia herriko emakumeentzat*. Abesti batzuk kantatu, peosia errezitatu, antzeztu… Aurrez izena eman telefono zenbaki honetan: 634 453 333.
17:30 Neska* gazteek akelarrea egingo dute eta herri guztia dantzan jarriko dute! 
19:00 Manifestazioa Donostian, Antiguako tuneletik.

Antolatzailea: emakume talde bat.

Oharra: 12:30-14:30 / 16:30-18:00 
Gizonezko talde batek antolatuta, umeentzako zaintza gunea Askatasuna plazan. Izen ematea: usurbilm8gizonak@gmail.com, Bordatxo, Txirristrra eta Aitzaga tabernak. Haur bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du.