Martxoak 8

"Zerbait aldatzera doa", Nataliren bideoklip berria eta diskoa kalean

Bideoklip berria, estreinako diskaren kaleratzea, bira ate joka... Hilabete mugitua datorkio Natali Usurbilgo musika taldeari. Azken orduotan, otsailean Aginagan eta Usurbilen grabaturiko bideoklipa argitaratu dute, diska ere kalean dela iragartzearekin batera.

"2018an 111 bortxaketa eta 548 sexu delitu salatu ziren EAEn". Hala diote, egunari ekiteko gosaltzen ari den bitartean, Natali entzuten ari den irrati katetik. Hor abiatzen da "Zerbait aldatzera doa" Natali Usurbilgo musika taldearen bideoklip berria. Sarean duzue, albiste honi atxikitako bideoan baita.

Gogoan izango duzue, ikus-entzunezko lan honen zati handi bat, otsailaren 9an grabatu zuten Aginagako Eliza Zahar barruan eta kanpoaldean. Figuranteak eskatu zituzten hitzordurako. Bideoklipean ageri dira hainbat herritar. Bai Aginagan eginiko grabazioan baita Usurbilen ere. Usurbilgo grabazioan, Aitzaga edota Dema plaza ageri dira besteak beste.

Gizon eta emakumeen arteko hartuemanak islatzen ditu, ezezkoa ezetz dela gogorarazi eta "Gu ez gatoz pauso isilez, muga hautsiko dugu" aldarria biltzen duen abestiak.

Kantua Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Taldeak bideoklipa errealitate bilakatzea ahalbidetu duten guztiak eskertu ditu; Aginagako Eliza Zaharra, Illumbe Goikoa nekazalturismoa, Aitzaga taberna eta figuranteen parte hartzea.

Diska ere kalean
Bideokliparekin batera ere estreinako diska kaleratu du Natalik. "Diska eskuratu nahi izanez gero, Elkar dendetan eta beste hainbat saltokigunetan topa dezakezue, gure web orrian, kontzertuetan eta guri eskatuta nola ez eta laister Aitzagan izango duzue baita", iragarri du taldeak sare sozialen bidez.

Bira
Irailean grabatu zuten estreinako diska Andoaingo Garate Studioetan, Kaki Arkarazo teknikari eta produktore lanetan zela. "Diska entzuten duen orok, musika estilo ezberdinetan barrena eramango du, istorio eta sentimenduz beteriko abentura bat lez", dio Natalik.

Hilabete honetarako gainera, "Garena Tour" kontzertu bira iragarri du Natalik; martxoaren 12an, Gasteizko Parral tabernan eskainiko dute kontzertua, martxoaren 22an Bilkoko Biran, martxoaren 23an Iruñako Garazi tabernan eta martxoaren 30ean Antiguako Doka Kafe antzokian. 

Boskotea
2017ko udan sortutako Natali taldea, Natali Izagirrek, Ixak Arrutik, Olaia Inziartek, Gorka Mendizabalek eta Andres Insuak osatzen dute. Pixkanaka osatu dute taldea. Natalik bi urtez AEB-tan barrena bidaiatu ondoren, "bere ezinegonak azaleratu nahian, Ixak Arruti usurbildarrarekin elkartu eta proiektu berri honi hasiera eman zion. Bakoitzak bere ibilbidean ikasitakoak elkarbanatuz, estilo ezberdinetako kantu bilduma osatu zuten. Horrela, "Iparrorratzik gabe" kantua kaleratu zuten 2018ko otsailean".

Gerora batu ziren beste hiru kide. "Proiektuari bultzada eta osotasuna emateko asmoz, Gorka Mendizabal, zarauztarra; Andres Insua, patagoniarra; eta Olaia Inziarte, oronoztarrarekin batera taldea osatu zuten. Bost unibertso hauen leherketatik dator NATALIren esentzia". 

Informazio gehiago:
natalimusika.com
natalitaldea@gmail.com
https://www.instagram.com/natalizagirre/
https://www.youtube.com/channel/UCnWxy89PjUUwQ4ADujMaRSA
https://www.facebook.com/natalitaldea/