“Guztion zeregina da kultura politiko demokratikoa, bizikidetza eta giza eskubideen aldeko ekimenak bultzatzea eta antolatzen direnetan parte hartzea”. Josune Urkolaren esanetan, EAJren helburua “bakea betiko eta modu atzeraezinean finkatzen, bizikidetzara bideratzen eta Usurbilgo kultura demokratikoan sakontzen laguntzea da”.
Ildo horretan, Usurbilgo zinegotzi jeltzaleek giza eskubideak, biktimak, memoria, kultura demokratikoa eta gizarteratzea oinarri dituzten bost konpromisoak berretsi nahi dituzte.
Giza duintasunaren alde
Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzeaz gain, giza duintasunaren aldeko konpromisoa azpimarratu nahi du Usurbilgo alderdi jeltzaleak: “giza eskubideen urraketa bakar bat ere ez aitortzea eta ez justifikatzea, ez iraganean, orain edota etorkizunean”.
Biktimekin, salbuespenik gabe
Biktimen inguruan, “guztien eskubideekiko konpromisoa aldarrikatzen dut”, adierazi du Josune Urkolak. “Salbuespenik gabe eta justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubideei erantzunez”. Elkarrizketan oinarritutako memoria partekatuaren aldekoa da. “Bizikidetzari begira, biktimen sufrimenduarekin solidarioa eta irmoa giza eskubideen aurkako eraso ororen salaketarekin”. Honi lotuta dago martxoaren 11n Donostian egingo den elkarretaratzea.
Kultura politiko demokratikoa sustatzen jarraitu du EAJk, “izpiritu kritikoa duten herritar askez, desberdintasunak aitortuz eta errespetuz onartzen dituztenez, gatazkak indarkeriarik gabe konpontzen dituztenez eta erantzukizun partekatuak beren gain hartzen dituzten herritarrez osatutako Usurbil bat nahi dugu”.
“Gizarteratzeko prozesuei gure laguntza eman nahi diegu”
Presoen gizarteratzearekiko konpromisoa ere bere egiten du Josune Urkola bozeramaleak gidatzen duen udal taldeak: “Lege printzipio eta printzipio humanitarioetan oinarritutako kartzela politika berri bat nahi dugu eta horretan ari direnei gure babesa eman nahi diegu eta legeak aurreikusten dituen gizarteratzeko prozesuei eta birgaitzeko neurriei gure laguntza emango diegu”.