Errigoraren kanpaina berriko kontserbak, arroza, olioa eta kamisetak eskatzeko azken egunak

5 urte bete dituen "Nafar hegoaldeoko uzta eskutik eskura" kanpaina abiatu du Errigorak. Aurreko edizioetan bezala, NOAUA! K.E.-k bat egin du, Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizpena eta euskalgintza sustatzea xede duen ekimen solidarioarekin. Kontserbak, olioa, eta aurten estreinakoz, arroza eta kamisetak eskatzeko aukera duzue NOAUA!n. Honako hauek eskabideak bideratzeko azken egunak dituzue.

 

Aipatu moduan, inoiz baino eskaintza oparoagoarekin dator kanpaina. 5 urte bete dituen Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainako produktuak eskatzeko epea zabalik izango duzue NOAUA!ren egoitzan, martxoaren 22ra arte. Halere ahal den neurrian, eskaerak online bidez egitera animatzen dute Errigoratik. Inoizko produktu eskaintza zabalena duzue eskura; oliba-olio birjina estra eta kontserbak 12 ontziko sortetan. Hauekin batera, aurten estreinakoz arroza (online bidez eska daiteke soilik), eta Errigoraren kamisetak. Eskaera guztiak asteotan egin, eta bi txandatan jasoko dituzu. Olioa eta kamisetak apirilaren 5etik 11ra, eta kontserba- eta arroz-loteak maiatza amaieran. Ordainketak ere produktu bakoitza jasotzerakoan egin beharko dira. Informazio gehiago: NOAUA!n bertan (edo 943 360 321 telefono zenbakian) edota errigora.eus atarian.

240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba
Bost urte bete ditu jada “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainak. “Ordutik 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu ditugu eta, iazkoan, 6.500 sukaldetan egin genuen bat kanpainarekin”, berri eman dute, Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizpena eta euskalgintza sustatzeko ekimen honetatik.

Zenbakietatik haratago, nabarmentzen dutenez, bost urte darama Errigorak tokiko produktuak bertan merkaturatzen; auzolanean sareak ehundu, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtu eta alde bientzat prezio zuzenak adosten. Bost urte, “elikadura-sistemaren gaineko erabakiak gure esku egoteko pausoak ematen”; bost urte “desberdinen arteko harremanak josten eta euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen”. 

Bosgarren urtemugan inoizko produktu eskaintza zabalenarekin itzuli da negu amaierako kanpaina. NOAUA!k bat egin du beste behin.