Martxoak 8

“Gaur egun asko dago egiteko, baina orduan dena zegoen egiteko”

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 8a, 00:02
Ezkerretik eskuinera, Marisa Alejandro, Garbiñe Errekondo, Arantxa Enetarriaga eta Marije Furundarena.

“Emakume talde hura ez zen haundia, baina bai bizia eta dinamikoa. Bere helburua gizartea emakume gaiei buruz sentsibilizatzea zen. Helburu horren baitan, gai asko jorratu ziren eta guztiak mami haundikoak: tratu txarrak, abortua, emagin zerbitzua”. 1997ko martxoaren 7ko NOAUA!tik jaso ditugu hitzok. Urte hartako Martxoaren 8aren bueltan argitaraturiko artikuluak gogorarazi zigun herri honek izan zuela mugimendu feminista bizi askoa 80. hamarkada hasieran. Lan itzela egin zuena, egungoa baino garai ilunagoetan.

Zortzi bat emakumeez osaturiko taldeko lau kiderekin hitz egiteko aukera izan du NOAUA!k, Martxoaren 8 honen atarian: Garbiñe Errekondo, Marije Furundarena, Marisa Alejandro eta Arantxa Enetarriagarekin.

Lehendik elkar ezagutzen zuten lagun taldea zen. Hainbat kezka partekatzen zituzten. Eremu honetan, Furundarenak adierazi digunez, “Usurbilen hutsune bat zegoela eta beste herrietan mugitzen ari zirela ikusita”, antolatu beharra ikusi zuten. 

Tratu txarrak, sexualitatea… lanketarako gai gisa hartu zituzten. Baita nahigabeko haurdunaldiak eta abortuaren gaia ere. “Horren inguruan planifikazio zentroak sortu ziren beste herrietan eta halako zerbait herrian izatea ondo legokeela” irizten zioten. Gai guztiok jorratzen hasi ziren. “Irakurri, formatu eta gure artean eztabaidatu, plazaratu eta partekatzen saiatu ginen”, oroitzen du Marisa Alejandrok. 

“Emakumeok ikusezinak ginen”
Aipatzekoa taldea sortu zen garaia. “Garai ilunetatik gentozen”, guztia debekatu zegoen garaitik, Furundarenak gogoratzen duenez. “Debekatuak zeuden sexu harremanak libreki izatea, debekatua zegoen abortua, emakumeok ikusezinak ginen”. Egun bakoitza, borroka egunean bilakatzen zen. “Janzkera zela, anai arreben artean etxean izaten ziren desberdintasunak… Gauza guztiok borroka gai izaten ziren etxean”, Marisak oroitzen duenez.

Emakume jaio zirenez, etorkizuna guztiz bideratua zutela nabarmentzen dute, emakume jaio izanagatik soilik. “Ikasketak egitea posible zen, lana bazen lantokietan, baina oso garbi genuen lan bikoitza izan beharko genuela”, Marijeren esanetan. Etxetik kanpo ikasi edo lan egin, eta etxeko ardura eta zaintza lan guztiek ere emakumeen esku izan behar zuten, arrazoi bakar batengatik, “emakume jaio ginelako”. 

Talde honen borroka testuinguru honetan sortzen da, “guk ez genuen gure patua zena, emakumeak etxeko lau hormetara mugatzea nahi. Espazio publikoak okupatu nahi genituen, politikan parte hartu, kalean ere nor izan, beste esparruetan ere bai”. Horretarako eskubide oso osoa zutela argi zuten; “ez genuen gure gurasoak bezala, ezkondu eta etxeko andreak izan nahi”.

Garai hartako Usurbilek taldea nola hartu zuen galdetu diegu. “Gu emakumeentzat beste bizitza mota bat aldarrikatzen genuen pertsona arraroak ginen. Oroitzen dut baten batzuek eginiko komentarioa, zuek zertaz kexatzen zarete?”.  

“Zure etxea, zure kartzela da”
2019tik duela hiru hamarkadako errealitateari errepasoa egiterakoan argi dio Garbiñek, “gaur egun asko dago egiteko, baina orduan dena zegoen egiteko. Dena”. Oinarrizkoena ere falta zuten, informazioa. Behar edo premia handiena sumatzen zuten horretatik abiatu zuten lanketa; antisorgailuen gaia jorratuz. “Guk geuk ezagutzen ez genituen antisorgailuak zeuden merkatuan. Hortik hasi ginen pixkanaka zabaltzen gure mezua edo ideologia feminista”, Errekondoren esanetan. Anbulatorioan gai honi lotutako informazio kartela eseki zuten. 

Usurbilek familia planifikazio zentro bat izatea ezinbestekotzat jotzen zuten, hortxe talde honen beste lan ildoa. Eta oso argi oroitzen duten sentsibilizazio kanpaina. “Zure etxea zure kartzela da” kanpaina egin genuen”, emakumeek kanpoan lan edo ikasteaz gain, etxe barruko zaintza eta lan guztiez arduratu behar izaten zutela salatzeko. Herrian zeresana eman zuen ekimenak. “Ika-mika eragin zuen zure etxea zure kartzela zela esateak, jendea kartzelan zegoela esateak. Hori barneratzea oso gogorra izan zen”, Arantxa Enetarriagak dioenez. Are gehiago, herri txiki batean. Marisak kanpaina haren helburua azaldu digu. “Emakumeak, etxean geratzen baziren, familia guztiaren zaintzaileak izango zirela kontzientziatu nahi genituen. Hori ez zen ulertu hala, emakumeok etxea utzi behar genuela, modu horretan baizik”.

Lanik egin ez zuen emaginarena
Taldeak herrian izan zezakeen onarpen mailak inflexio puntu garrantzitsua bizi izan zuela kontatu digute, garai hartako emagin zerbitzuarekin. Usurbilek urte luzez, zegokion lana egin ez eta halere soldata kobratzen aritu zen emagin bat izan zuen. Sinadurak bildu eta udalean ere aurkeztu zuten mozioarekin lortu zuten emagina bere lanpostutik kendu eta ordezkoa izatea. 

Herriaren alde eginiko lan honen aurrean, “jendea gurekiko beste ikuspegi bat izaten hasi zen, nolabaiteko onarpen bat jaso genuen”, Marijek azaldu digunez. Marisak dioenez, “niretzat kasu honek argi utzi zuen, emakumeon gaia izanik, emakumeok borrokatu genuela eta hori da garrantzitsua, zuri dagokizun eskubide bat borrokatu eta lortzea”. 

“Begiak irekiarazteko”
Herrira begira denetariko ekimenak bideratu zituzten. Oinarri oinarrizko gaiak, emakumea izatea zer zen, feminismoa, nora zihoazen hizpide zuten hitzaldiak antolatu zituzten. “Emakume asko etortzen ziren”, Errekondoren esanetan. Oinarri oinarrizko gaiak hartzen zituzten ahotan. Guztia helburu nagusi batera bideratua zegoen; “begiak irekiaraztera”. 

Autodefentsarako ikastaroak antolatu zituzten Agerialden, OTANen borroka pil-pilean zenean emakume desmilitarizatuak aldarrikatzen zituzten, antzezlanak, filmak, ikuspegi feminista jorratzen zuten literatura saio arrakastatsuak hilero… “Hausnarketarako liburuak izaten ziren. Liburu horiek emakume asko bizitzen ari ziren egoerak islatzen zituzten. Eta horren aurrean emakumeek barrua askatzen zuten, familian bizitzen ari ziren egoerak kontatzeraino”, Enetarriagak oroitzen duenez. 

Usurbilgo baserritarrekin ere bilera egin zuten. “Kotizatu gabe lan egiten zuten. Haien eskubideez informatzera etorri zen Maite Aristegi”. Usurbilek izandako Paotxa irrati librean Muxurdinak izeneko irratsaioa ere izan zuten hilean behin. Bertara eraman nahi izan zuten herriko elkarteetan bizi zuten errealitatea. “Elkarteetan ezin zen bazkide izan emakumea. Gu bazkide izateko ahots asko zeuden aurka. Berriro sukaldean zertarako sartu nahi genuen, horren kontra ez al geunden galdetzen zuten”, oroitzen du Marijek. 

Emakumeen lehen bertso saioa
Martxoaren 8a heltzen zenean Emakumearen Astea antolatzen zuten denetariko solasaldi, antzezlan edota afarien bueltan. 1984ko Martxoaren 8aren harira, bi egun beranduago, hilaren 10ean bertso saio historikoa antolatu zuten. “Emakumeen lehen bertso saioa izan zitekeena antolatu genuen. 15-16 urteko bost emakume bertsolari gazte ekarri genituen”. Ainhoa Beola, Arantzazu Loidi, Itziar Sagastume, Nekane Soria eta aldizkari honetan bertan elkarrizketatu dugun Usurbilgo Udaleko euskara eta kultur arloko teknikari Maite Iribar. “Saioak eman zuen zeresana. Gu oso pozik ginen, plazan emakumeen irudiak behar genituen. Begira gerora ze bilakaera izan duen”, adierazi dio NOAUA!ri Marije Furundarenak.

2019ko Martxoaren 8aren atarian gara. 24 orduko greba feminista deitua dago. Deialdi honen bueltan, “mugimendu feminista oso indartsua dela iruditzen zait, hau geldiezina da”, Arantxaren esanetan. Mundu mailako mugimendu anitza.

Oraindik asko dago egiteke ordea. Zaintza eta etxeko lanek emakumeen esku egoten segitzen dute. Horrekin batera, “bizitzako aspektu guztietan gizonezkoek baino gehiago demostratu behar duzu”, Arantxaren esanetan. Ildo beretik mintzatu da Marije ere. “Oraindik nire eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar dut. Ez da erraza, emakumeoi eskubideak ez datozkigu emanak”. 

Garbiñeren esanetan, “mundu okzidentalizatuhonetan, pausoak ematen ari garela dirudi eremu batzuetan, baina oso pauso txikiak dira”. Lortutako eskubideak defendatu eta lortzeke daudenen alde borrokatzen segi beharra aipatu digute. Formakuntza integrala ezinbestekotzat jotzen dute, besteak beste, indarkeria sexistari aurre egiteko, sistema kapitalista kolokan jartzearekin batera. “Sistema aldatzeko borrokatu behar dugu”. 

“Halako foroak izatea falta da”
Etorkizunean emakumeon taldea nola oroitu behar genukeen galdetu diegu. “Ikuspegi feministatik ekintzak antolatu eta jendea pentsatzen, galderak egiten hastea bultzatu zuen lehen mugimendua izan zen herrian”. 

Talde honek irekitako bideari jarraipena emateko saiakerarik izan da gerora. Matrakak duela urte batzuk, egun Udaleko Parekidetasun Sailak bideratzen duen lanketarekin batera, Aztarrika gazte mugimenduaren baitan ere bada ildo feminista, emakume* talde bat Martxoaren 8rako lanketa betean dabil asteotan. Usurbilek mugimendu feminista antolatua izatea behar duela irizten diote, “halako foroak izatea falta da”.