Martxoak 8

Dantzan eta jolasean, gizonezkoek kudeaturiko haurren zaintza gunean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 8a, 10:11

Dantzan eta jolasean giro ederrean eman dute, greba feminista egun honetan gizonezko talde batek Askatasuna plazan antolatu duen haurren zaintza gunean. 

Martxoaren 8rako deituak zeuden mobilizazioetan parte hartu ordez, mugimendu feministatik zaintza lanetaz arduratzea eskatzen zitzaien gizonezkoei. Usurbilen gizonezko talde batek haurren zaintza gunea antolatu du ostiral honetan Askatasuna plazan.

Jolasean eta dantza eman dute zerbitzua eskaintzen aritu diren tartea. Tarte horretan egokitu da hain zuzen, eguerdi partean Usurbildik barrena egin den manifestazio jendetsua. Txalo artean hartu dituzte bai gizonezko zein haurrek, Askatasuna plaza ondoko Zubiaurrenea kaletik igarotzen ari zen emakumeen manifestazio jendetsua.

GIZONEZKOEI ZUZENDURIKO MARTXOAREN 8RAKO GIDA

  • Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan…).
  • Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
  • Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.
  • Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
  • Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
  • Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
  • Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan, e.a.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeen* laguntzaile izatea.
  • M8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan e.a. lana egiteko zure burua eskaini.
  • Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun e.a.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.
  • Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
  • Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
  • Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.
  • Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

    Greba feminista babesten ari bazara, zure lekua etxeko eta zaintza lanetan dago!