“Euskaraldia: 11 egun euskaraz, eta gero zer?” hitzaldia Kike Amonarrizekin, 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 12a, 08:47

“Euskaraldia: 11 egun euskaraz, eta gero zer?” hitzaldia antolatu du Euskaraldia Usurbilen sustatzen aritu den herritarren batzordeak, astearte honetarako, martxoaren 12an 18:00etan Potxoenean. Hitzordura, Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu dute. Tolosarra elkarrizketatu du NOAUA!k.

Euskaraldiaren web guneak bizitzen ari ginena partekatzeko aukera eman zigun. Zuk 11 egunetan bizitakoaz zer nolako iruzkina idatziko zenuke?
Kike Amonarriz:
Gipuzkoa, Lapurdi, Bizkaia eta Nafarroa aldera mugitzea egokitu zitzaidan. Ilusioa, gogo berritu bat, eta batez ere euskalgintzak hurrengo urteetarako behar duen abiapuntu eta oinarri berri bat aurkitu nuen. Energia asko metatu eta sortu zen. Orain energia eta indar hori ondo bideratzen asmatu behar dugu.

Aurreikuspenak gainditu zituen Euskaraldiko 11 egunok?
Nire aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Erakunde, euskalgintza, herri mugimenduen arteko elkarlana mugatuagoa izango zela espero nuen. Horrez gain, ez nuen inondik inora uste 200.000tik gora izen ematera iritsiko zirenik ezta hainbeste udalerrik parte hartuko zutenik. 

Goraipatzekoa nabarmendu duzun elkarlana.
Bai eta nik uste dut hori ere herritarrek sumatu zutela eta arrakastaren gako nagusietako bat hor dagoela. Herritarrek elkarlan hori benetakoa eta serioa zela ikusi zuten. Eragile desberdinek ez ekintza sinboliko baten inguruan, ekintza praktiko baten inguruan bat egin zutela. Iruditzen zait elkarlanak eta hizkuntza politika sendoen aktibazioak bat egin behar duela hurrengo urteetan, prozesu hau eta iaz piztu zen dinamika hau iraunkorra eta sendoa izan dadin. 

Euskaraldiaren ondorenari buruz ariko zara hilaren 12an Potxoenean. Baina aurrez Euskal Herriko zenbait txokotan aritu zara hainbat hitzaldi eskaintzen. Zer da hitzorduotan jaso duzuna?
Oiartzunen eta Ean izan naiz. Jende asko hurbildu zen eta hori ere bada zerbaiten seinale. Aparte, jende askorekin hitz egin dut gai honen inguruan, eta badira leku guztietan azaltzen diren konstante batzuk. Badago betiko diskurtsoetatik atera garela eta euskarari espazio berriak ireki zaizkiola eta jende berria ere hurbildu dela dioena. Ilusioa, konplizitatea, errespetua, behin eta berriz aipatzen diren kontzeptuak eta hitzak dira. Baita parte hartzearena eta batasunarena, alegia hizkuntzak batu egin gaituela. Inflexio puntu baten aurrean egon gaitezkeela ere leku batean baino gehiagotan jaso dut. Eta horrekin batera kezka batzuk; badira ere batzuk esaten dutenak, agian hizkuntza ohitura aldaketa gehiago espero zituztela, zenbait kasutan rolak ez direla behar bezala bereiztu, edo jende baten atxikimendua ez dela izan espero zitekeen bezalakoa. Eta gero Belarriprest gehiago nondik nora lortu. Kezka, ilusio edo gogo orokor bat ere bada; honi jarraipena nola eman. Horretaz saiatuko gara jarduten. 

Alderdi guztiok hobetzeko aukera izango da 2020ko Euskaraldia ezta?
Egin kontu, lehenengo saiakera honetan lortu den gauzarik garrantzitsuena da egitasmo formatu bat sortu dela. Ez zen erraza formatu honetara iristea, oso formatu konplexua zen. Egin kontu Euskal Herri osoan, erakundeek, herri mugimenduek, herritarrek izena eman behar zuten, bi rol zeuden. Ez zegoen horrelako ekintza masibo bat, azken batean norberaren konpromisoan oinarritutako proposamen praktikoa zen, ez zen erosoegia… Hori guztia formatu batera ekarri da eta orain bi gauza daude; zer hobetua badagoela ikusi da eta hurrengoan jauzi kualitatibo bat emateko konpromisoa hartuta dago. Norbanakoekin jarraituko da, baina bestalde, erakunde edo entitateetara ere jauzi egingo da. Orain bigarren formatu hori osatzeko lan asko geratzen da. Euskaraldia nola egin behar den entitateetan, jende asko ari da jada horretan lanean. Datorren urtean formatu txukun batera iritsiko gara, baina horretarako berriro ere denon ilusioa, parte hartzea eta indarra beharko da.

Lanon aurretik, Euskaraldiko lehen edizioko etxeko lan bat dugu egiteke. Euskaraldiaren eragina neurtzeko hirugarren galdetegia jasoko dugu egunotan emailez. Soziolinguista gisa, garrantzitsua da ezta galdetegiok betetzea?
Egin kontu lehen aldiz antolatu dela Euskaraldia. Aurrekoan Gemma San Gines soziolinguista valentziarrari irakurtzen nion, ziur aski Europan inoiz egin den ariketa soziolinguistikorik handiena izan dela. Oso garrantzitsua dela uste dut aurrera begira iritzietan baino datu zehatzetan oinarritutako pausoak ere ematea. Horretarako ezinbestekoa da ikerketa hauek ahalik eta sendoenak izan daitezen, jendearen parte hartzea.

Borobiltzeko, gonbidatu gaitzazu Potxoeneara. 
Hausnarketa kolektibo bat egingo dugu. Haibat puntu komentatuko ditut, niretzat zer izan den garrantzitsua hausnarketarako, baina batez ere ariketa kolektibo bat izango da. Norberak ere zer ikusi duen esatea eskatuko zaio eta norberak ere aurrera begira zertan eta nola ikusten duen jarraipen hori. Hor garrantzitsua da ahalik eta parte hartze zabalena izatea, egindakoaren balorazio sakon bat egiteko eta aurrera begira zer aukera, behar, gogo eta nahi dauden jakiteko. 

Euskaraldiari buruzko azken galdetegia
Euskaraldian parte hartu zenuten Ahobizi eta Belarriprest guztiok, adi egunotan zuen posta zerbitzuari. Jaso ez baduzue, heltzear izango duzue Euskaraldiari lotutako emaila. Gogoan izan, Soziolinguistika Klusterra Euskaraldiaren eragina neurtzen ari da. Horretarako Euskaraldia hasi aurretik eta amaitu berritan galdetegi bana helarazi ziguten hariketa kolektibo honetan parte hartu genuen guztioi. Hirugarrena eta azkena, aipatu moduan, egunotan jasoko dugu emailez. Galdetegia betetzeko 5-10 minutu baino ez ditugu beharko. Eta gure erantzuna ezin garrantzitsuagoa izango da, Euskaraldiaren eraginaren neurketa ahalik eta zehatzena izan dadin.