Udarregi Ikastolako LH6koen azoka solidarioa 18:00etan hasita frontoian

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 15a, 08:03

Ekimen solidarioak hartuko du gaur (martxoak 15) herriko frontoia. Arratsaldeko 18:00etan hasita elkartasun azoka antolatu dute Udarregi Ikastolako LH6-ko ikasleek Usurbilgo pilotalekuan. Bildutako laguntza, Greziako errefuxiatuak laguntzera bideratuko dute. Elkartasun ekimen honen harira, ondoko idatzia helarazi dute ikastolatik NOAUA!ra. 

2019ko otsailaren 22an etorri ziren Udarregi ikastolako LH6. mailara, Xabier Zabaleta eta Aitor Garaiurrebaso gurasoak eta Zaporeak-eko kideak, Kiosen (Greziako irla bat) bizitako esperientzia kontatzera. Esperientzia kontatzeaz gain hango errefuxiatuak nola bizi diren kontatu ziguten, gu jabetzeko eta errefuxiatuei laguntzeko.

Zer da Zaporeak?
Zaporeak gobernuz kanpoko erakunde (GKE) bat da eta beraien eginkizuna errefuxiatuei laguntzea da: janaria ematea, arropa ematea… Gaur egun Lesbosen dabiltza lanean, sukalde berri batekin.

Errefuxiatu hauek bide latza egiten dute Lesbosera iristeko, batzuk Siriatik etortzen dira eta asko bidean hil egiten dira. Gainera kanpamenduan baliabideak eta bizi-baldintzak ere ez dira onak, ondorioz bizi-kalitate oso txarra dute.

Zuk ere lagun dezakezu
Egoera hau ezagututa, LH6ko ikasleek martxoaren 15ean arratsaldeko 18:00etan azoka bat egitea erabaki dugu eta han biltzen den dirua Zaporeakerakundeari ematea, Lesboseko proiekturako. Horregatik, zuek azokara etortzea gustatuko litzaiguke. Denetik egongo da eta erosketak eginez laguntza handia eman dezakezue.