21. Korrika, Euskaraldia, jaiak, M8 eta Txirikorda hizpide dituzten bilera irekiak asteotan

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 13a, 09:38

Norbanako nahiz eragileei zuzenduriko bilera ireki bat baino gehiago iragarri dituzte asteotarako, gehienak Potxoenean. Usurbilgo jaiak eta 21. Korrika prestatzeko edota Txirikorda proiektua definitzen segitzeko besteak beste.

Potxoeneko eragile eta herritarren joan etorriek ez dute etenik izango asteotan. Hainbat bilera ireki edo parte hartze saio iragarri dira. Apirilaren 12an gure artera helduko den 21. Korrika girotzeko ekimenak prestatzen ari den herritar batzordeak hitzordu berria du ostiral honetan. Beste bi hitzordu hurrengo astean; batetik, martxoaren 12an egitekoa zen Kike Amonarrizen solasaldiaren balantzea egiteko Euskaraldia sustatzeko talde eragileak deitu duena. Bestetik, etorkizunean Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua definitzen segitzeko parte hartze saio berria. “Bizikidetza” izango da jorratuko duten gaia. 

Bilera ireki hauei, Jai Batzordeak antolaturikoa batu behar. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Santixabelak definitzen segitzeko antolatu dena. Adi, herriko festetan ekitaldiren bat antolatzekoak diren eragileek martxoaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte aurrekontuak. 

Hemen datozen bilera irekien egutegia:

Datozen bilera irekiak
Martxoak 13, asteazkena
18:00/18:30
NOAUA! K.E.-ko bazkideen urteko bilkura nagusia Potxoenean.

Martxoak 15, ostirala
17:30 
Korrika Batzordearen bilera irekia Etumeta AEK euskaltegian.

Martxoak 20, asteazkena
18:00 
Euskaraldiaren ondorenari lotutako bilera Potxoenean.

Martxoak 21, osteguna
18:30 Martxoaren 8ko greba feminista baloratzeko bilera irekia Potxoenean.
Deitzailea: emakume talde bat.

Martxoak 23, larunbata
10:30-12:30 
Txirikorda proiektua definitzeko saioa Potxoenean. Jorratuko duten gaia: “Bizikidetza”.

Martxoak 25, astelehena
18:00 
Usurbilgo Jai Batzordearen bilera Potxoenean.