Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako EHBilduren zerrendaburua

Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako EHBilduren zerrendaburua
Mertxe Aizpurua pasa den otsailaren 21ean Sutegin, Usurbilgo EHBilduk antolaturiko solasaldian Arnaldo Otegi elkarrizketatzen. Besteak beste, apirilaren 28ko hauteskundeei buruz jardun zuten.

Naiz atariak aurreratu duenez, Usurbilgo alkate ohi Mertxe Aizpurua Arzallus izango da Espainiako Diputatuen Kongresurako EHBilduren Gipuzkoako zerrendaburua, ate joka ditugun apirilaren 28ko hauteskundeetan.

Albistea, bera lankide duen hedabideak eman du argitara. Gararen edizio digitalak, naiz.eus web orrialdeak aurreratu duenez, Mertxe Aizpurua Arzallus izango da EHBilduren Gipuzkoako Madrilgo Diputatuen Kongresurako zerrendaburua, apirilaren 28an deituak dauden hauteskundeetan. Gogoan izan, Espainiako Gorteak berrituko direla hitzordu honetan, bai aipatu Kongresua eta Senatua.

Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua honenbestez Usurbilgo alkate ohia izango da. 2011-2015 legegintzaldian izan zen Aizpurua Usurbilgo alkate. Alkate zela Udalbiltzako lehendakari izendatu zuten. Legealdi hura amaitu baino lehen, egungo 2015-19 legegintzaldian ez zuela karguan segiko iragarri zuen. Legealdi hura amaituta, aurrez lantoki zuen GARA egunkarira itzuli zen. Egunkari honetako zuzendaria izandakoa da Aizpurua; sortu zenetik,1999etik 2004ra bitartean. 

Mertxe Aizpuruak Marian Beitialarrangoitiaren lekukoa hartuko du. 2016ko hauteskundeetara Gipuzkoako EHBilduk zerrendaburu gisa aurkeztu zuen Hernaniko alkate ohia izan da azken legealdian, Espainiako Diputatuen Kongresuko koalizioaren bozeramailea. 

Herrien arteko aliantza
Usurbilen jaiotako 59 urteko kazetaria azkenekoz bere jardunean duela hilabete ikusi genuen Usurbilen bertan. Usurbilgo EHBilduk koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin antolatu zuen solasaldian. Mertxe Aizpurua izan zen hitzorduko gidaria. 

Gaurkotasun gaiei errepaso sakona eman zien EHBilduko koordinatzaile orokor Arnaldo Otegik otsailaren 21ean Sutegin eskaini zuen hitzaldian. Egungo errealitatea aztertzerakoan mundu mailako krisi sakona aipatu zuen sarritan. Eta krisi egoerei autoritarismoz eta kontraerreformekin erantzuteko dagoen joera nabarmentzen zuen. Espainiar estatua jarri zuen adibidetzat. “Egiturazko krisi oso larrian da”, zioen Otegik. 

Testuinguru honetan ate joka diren Espainako hauteskundeetan, alderdi bezala ez, herri bezala parte hartzeko beharra defendatu zuen, beste herriekin (Galiza, Herrialde Katalanak, kanariar herria) batuta eta EHBilduren kasuan, lehentasun batekin, “presoak ateratzea”. Horretarako ordea, “aliantza oso zabalak behar dira”, Usurbilgo EHBilduk antolatu eta Mertxe Aizpurua kazetariak gidatu zuen ekitaldian Otegik zioenez. Herrien arteko aliantza, gutxieneko programa baten bueltan, hortxe apirilaren 28ko hauteskundeetarako planteatzen zuen proposamena.