Kike Amonarrizekin Euskaraldiaren ondorena auzitan jarri dute hainbat herritarrek

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 14a, 16:35

Herritar andana bildu da Potxoenean Kike Amonarriz soziolinguistarekin Euskaraldiaren ondorenaren gainean hausnarketa egiteko. Gai bera lantzeko beste bi herritan lanketa egina zuen Amonarrizek; lehena Oiartzunen, eta bigarrena EAn. Bertako emaitzak mahai gainera aterata eztabaidatu dute herritarrek. Kezka nagusia honakoa izan da: bi figuren rolak (ahobizi eta belarriprest) benetan ulertu dira?

Post-it orrietan bakoitzak bere usteak idatzi ditu galdera honi erantzunez: Zer azpimarratuko zenuke Euskaraldiaren ondorenaz? Batzuek alderdi eta aldaketa positiboak plazaratu dituzte, besteek, ordea, zer hobetu badela deritze. Gehienen ustez, baliagarria izan da Euskaraldia eta euskararen gaineko zalantza eta usteak modu naturalean hitz egiteko aukera eskaini du. Izan da eraginik somatu ez duenik, baina aldaketak egiteko urratsak ematea bakoitzaren ardura dela uste duenik ere bada. Amonarrizek beste herrietan eginiko hitzaldietan ere antzeko erantzunak jaso ditu, eta ondorioztatu du herri euskaldunetan erradiografia antzekoa dela. Euskaldunak ez diren herrietan emaitzak eta usteak bestelakoak lirateke.

Aldaketarik egin duten galdetuta gehiengoak baietz erantzun du, 13 pertsonak, hain justu. 6k, aldiz, eguneroko hautu linguistikoak egiten jarraitu dute, aldaketa berezirik gabe. Azken horiek argudiatu dute aldaketarik ez dutela egin, lehenago ere inguruko guztiekin euskaraz egiten zutelako. Aldaketak egin dituztenen artean, sorpresarik hartu duenik ere izan da, sorpresa on horietako bat.

Datuei erreparatuz, emakumeak izan dira partehartzaileenak, ia %63 Euskal Herrian eta %59 Usurbilen. Adin taldeak kontuan izanda, 30-44 urte bitartekoak azpimarratu behar, %36,9ko partehartzearekin Euskal Herrian, eta %36,1 Usurbilen. Gazteen artean ere partehartze handia lurralde osoan (%23,7), bai eta Usurbilen ere (%20,3).

 2020an egingo da hurrengo esperimentu sozial handia, Euskaraldiaren jarraipena izango dena. Entitateei partehartze handiagoa eskatuko zaie orduan, eta hori ahalbideratzea “postureoan” erori gabe, horixe izango da antolatzaileen erronkarik handiena.