Korrika Batzordearen bilera 17:30etan Etumeta AEK euskaltegian

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 15a, 08:33

20. Korrika gauez eta euripean heldu zen gure artera.

Apirilaren 12an gure artera helduko den 21. Korrika girotzeko ekimenak prestatzeko lanei segida emate aldera, bilera irekia deitu du Korrika Batzordeak ostiral honetarako (martxoak 15) 17:30etan Etumeta AEK euskaltegian.

Aipatu moduan, apirilaren 12an, 14:24 aldera Aginagatik sartu, Usurbil eta Zubieta zeharkatu eta 15:40 pasatxoan Lasartera helduko den 21. Korrika girotzea helburu duten ekimenak prestatze lanean buru-belarri dabil, ostiral honetan bilduko den Korrika Batzordea. 

Batzorde honetan parte hartzearekin batera, badira Korrika laguntzeko bide gehiago ere.

Nafarroako Erriberatik barrena
Apirilaren 4tik 5erako goizaldean Nafarroako erriberan 21. Korrikan parte hartzeko usurbildar taldea osatzeko ekimena abiatu dute zenbait herritarrek. Interesdunek idatzi dezatela, zorozoragarriak.usurbil@gmail.com helbidera. 

Kilometroen erosketa
21. Korrika laguntzeko bideetako bat,  kilometroak erostea duzue. Eta trukean, abiapuntutik helmugara Euskal Herrian barrena eskuz esku ibiliko den lekuko preziatua eraman ahalko duzue. "Familian, elkartean, lagunartean... kilometroen lekukoa eraman nahi baduzue, KORRIKA bulegoekin harremanetan jarri, kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko. Kilometroak erreserbatzeko epea urtarrilaren 14an hasiko da", ohartarazi dute Korrikaren antolatzaileek.  

Ohi bezala, Aginaga, Usurbil eta Zubietako kilometroen kudeaketa Etumeta AEK euskaltegiak bideratuko du. Euskaltegiaren hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

Materiala salgai
Bixerak, nikiak, puffak, kirola egiteko kamisetak, egunerokoan janzteko kamisetak… Apirilaren 4tik 14ra Klika aldarripean ospatuko den 21. Korrika laguntzeko materiala salgai duzue jada Etumeta AEK euskaltegian. 

Korrika Laguntzailea kanpaina
Materiala erosteaz gain, Korrika Laguntzaile ere izan zaitezkete. 12 euroko ekarpena eginda, Euskal Herriko hainbat saltokietan beherapenak izateko txartela, txartela erabiltzeko deskontuen katalogoa eta pina jasoko duzue. "12 euroren truke, garrantzitsuena lortuko duzu: AEKren euskaltegiei laguntzea. Horrez gain, pina eta txartelaren abantailak eskuratuko dituzu".

Usurbilen Korrika Laguntzaile izateko tramitazioa Etumeta AEK euskaltegian bideratu ahalko duzue. Baita Internetez ere, korrika.eus atariaren bitartez. 

Bildutako laguntza, "Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu". Eta hartara, Korrikaren helburu nagusietakoa bete nahi da: "euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea".

Nabarmentzen dutenez, oraindik euskaraz bizi ahal izateko bide luzea dago jorratzeke. "Tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere".

DATOZEN BILERA IREKIAK
Martxoak 15, ostirala
17:30 
Korrika Batzordearen bilera irekia Etumeta AEK euskaltegian.

Martxoak 20, asteazkena
18:00 
Euskaraldiaren ondorenari lotutako bilera Potxoenean.

Martxoak 21, osteguna
18:30 Martxoaren 8ko greba feminista baloratzeko bilera irekia Potxoenean.
Deitzailea: emakume talde bat.

Martxoak 23, larunbata
10:30-12:30 
Txirikorda proiektua definitzeko saioa Potxoenean. Jorratuko duten gaia: “Bizikidetza”.

Martxoak 25, astelehena
18:00 
Usurbilgo Jai Batzordearen bilera Potxoenean.

Martxoak 26, asteartea
18:00 Felix Sarasolari egingo zaion herri omenaldia antolatzeko azken bilera Potxoenean.