Miriam Arrillaga Beloki: "Igandeko finala iristeko gogotsu naiz"

Miriam Arrillaga Beloki: "Igandeko finala iristeko gogotsu naiz"

Emakume Master Cup Txapelketako hirugarren edizioko finalerako sailkatu da Miriam Arrillaga Beloki. Igandean jokatuko du final handia Zumarragan Patri Espinarrekin batera. "Finala iristeko gogotsu naiz", adierazi dio Arrillagak neurketa honen bezperatan NOAUA!ri. Bertaratu ezin duzuenok, ETB-k zuzenean eskainiko du neurketa igande eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Emakume Master Cup Txapelketako finalerdia 18-17 irabazi ostean, txapelketaren hirugarren ediziorako final handirako sailkatu dira Miriam Arrillaga Beloki eta Patri Espinar usansolotarra. Finala igandean, martxoaren 17arekin jokatuko dute Zumarragan Finalerdiak aurreko asteburuan jokatu ziren Errenterian. Lehen finalerdian, Leire Garaik eta Leire Etxanizek ezinezkoa zirudien garaipena eskuratu zuten.

Lehen partidako emozioa handia izan bazen, are ikusgarriagoa izan zen bigarren finalerdia. 74 minutu eta 874 pilotakada behar izan zituzten Patri Espinarrek eta Miriam Arrillagak finalerako txartela lortzeko.

Finalak, promoziokoa eta lehen mailakoa, igande eguerdian jokatuko dira Zumarragako Beloki frontoian.

Finalerdietako emaitzak
Maite-Olatz Ruiz de Larramendi 17 Leire Garai-Leire Etxaniz 18
Patri Espinar-Miriam Arrillaga 18 Iera Agirre-Olatz Arrizabalaga 17

Lehen Mailako finala
Martxoak 17 igandea
Zumarragako Beloki frontoian:
Leire Garai-Leire Etxaniz
Patri Espinar-Miriam Arrillaga

Miriam Arrillaga: “Oso pozik nago, sufritu eta gero orain lasai”
Finalerako egun gutxiren faltan, zer moduz zaude?
Oso pozik, sufritu eta gero orain lasai. Nahiko lasai, finalerdia eta orain finaleko astean nahiko lasai eta igandea iristeko gogotsu naiz.

Hedabide ugariren telefono deiak jasotzen ari zara. Elkarrizketaz elkarrizketa ibiltze hau zer moduz daramazu? 
Azkenean gustura hartzen dira, jendeak badaki zer egin duzun eta gustura hartzen dira halako deiak. 

Nolakoa izan da finaleraino jorratu duzun bidea?
Txapelketa otsailean hasi nuen. Leire Etxaniz eta Leire Garairen kontrako lehen partida galdu genuen. Nahiko borrokatua izan zen partida baina gero beraiek alde egin ziguten. Bigarren partida, handik bi astera jolastu genuen. Oso gustura geratu nintzen neurketarekin. Irabazi eta finalerdietan ere, sufrituta baina irabazi egin genuen.

Aurreikuspenak gaindituta heldu zara finalera?
Txapelketa aurkeztu zenean, ez nuen uste finalera iritsiko ginenik. Aukera batzuk ikusten nituen baina ez nekien. Finalerdietara pasa ginenean nahiko urduri nintzen eta finalerdia irabaztea ikaragarria izan zen. 

Finala igandean Zumarragan.
11:45ean bigarren mailakoek jolastuko dute. Gero guk ia zer egiten dugun. 

Lagun eta senideak Zumarragan izango dituzu. Zer jasotzen ari zara inguru hurbilarengandik eta azken egunotako elkarrizketa zaparrada honetatik?
Aste honetan sarrerak, gonbidapen bidez zabaltzen ari garenez, jendeari idazten gabiltza sarrerak lortzeko. Egunero zerbait bada, batetik edo bestetik deitzen gaituzte. Asteartean izan genuen aurkezpena, han ere elkarrizketak izan genituen. Babes handia jasotzen ari naiz lagunen eta senideen aldetik.

Babes hau emakumeen txapelketek merezi duten tokia izate horretan islatzea izango duzue erronka ezta? Aurrerantz goaz?
Pauso dezente handia eman dugu, batez ere telebista sartu delako eta telebistarekin batera egunkari eta aldizkariak, hedabideak asko sartu dira. Pauso handi bat eman dugu eta bide honetatik jarraitu behar dugula uste dut. 

Asko dago egiteke?
Oraindik mutilengandik urruti gaudela nabari da. Baina beno, guk bidea egingo dugu eta ia atzetik datozenak hobeto aritzen diren.

Erreferenteak beharko dituzte eta.
Bai, oso garrantzitsua da. Orain pixka bat mugitu eta ia atzetik jendea etortzen zaigun.

Amaitzear duzuena Euskal Herriko txapelketa gisa definitu daiteke?
Zaragozako eta Kataluniako jendeak ere jolastu du. Finalean gipuzkoar bakarra izango naiz.

Jokalekura irteteko gogotsu beraz?
Bai. Egunero horretan pentsatzen. Batera joan, bestera joan. Taktikak pentsatzen, eta jada iganderako gogo handiarekin.