Lanpostu eta lantegiaren aldeko borroka betean dira berriz Ingemarreko langileak. Astearteaz geroztik greba mugagabean. 47 langile kaleratu nahi ditu enpresak, haietatik 31 Usurbilgo lantegikoak. Langile guztioi aurkeztu zaien kontratu amaierako EEE honek helburu argia du, Estatuko beste lantegiak erabiliz langileak kaleratzea eta lantegia 4 milioi euroko aktiboak dituela ixtea.
Enpresak langile guztiontzat aurkeztu duen kontratu amaierako EEE salatu, lanpostuak suntsitu eta enpresa ixtea ez dutela onartuko argi adierazi dute langileek, ostiral goiz honetan, ELA sindikatuak Donostian duen egoitzan egin duten agerraldian.
Langileek ez dute egoera hau onartzeko asmorik. Ingemarren errentagarritasuna defendatu dute. Argi diote, "Ingemar errentagarria da eta inor ez dago soberan". Gogorarazi dutenez, azken hamarkadan eginiko alaheginari eusten segitzeko asmoa dute, lanpostuak mantentzeko borrokatuko dira.
LANGILEEN AGERRALDIKO ADIERAZPENA
Ingemar S.A. (Usurbil) eta Ingemarga, S.A. (Lugo), Grupo Ingemar S.A.ren barruan zeuden, baina 2018. urte amaieran bat egite prozesu batean murgildu ziren, eta hortik Grupo Ingemar S.L. atera zen. Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galizara eraman zuten. Zuzendaritza berriak, 2009. urtetik aurrera, berregituratzeari ekin zion eta apurka-apurka, Ingemar S.A. (Usurbil) lantegia deskapitalizatuz joan da, ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz.
Halare, 2017. urte hasieran Zuzendaritza zaharrak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuen, eta hortik hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bat egitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun-plan bat aurkeztu zen. Aipatu beharrekoa da taldearen aktiboak, bategitearen aurretik, 48 milioi eurotan balioetsita zeudela; eta bategitearen ondotik 29 milioi eurotan.
Grupo Ingemar S.L.-ko zuzendaritzak, 2017. urte erdialdetik gehienbat zera proposatu du: "azkentze-EEE bat 47 langilerentzat; horietatik 31 Usurbilgoak dira, 6 Lugokoak eta 10 Espainiako Estatuan sakabanaturik dauden 5 biltegietakoak". Pantaila sozietate baten bidez, 300.000 euroko kapita-gehikuntza egin zuen 2017ko martxoan "anonimatutik", zeren Grupo Ingemar S.L. zuzeneko lehiakideak baitira bezero nagusiekiko, Grupo Ingemar, S.L.ren jabetza eta kontrola eskuratzeko lehian.
Gogoratu beharrekoa da talde horrek, hartzekodunen lehiaketatik atera zenean, hartzekodunen itun bat sinatu zuela, eta hemendik hilabete gutxi batzuetara sinaturiko zorrari aurre egin beharko diola. Hori horrela, hartzekodunek beren buruari egin beharko lioketen galdera zera da: nola egingo diote aurre zorrari, balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?
ELA sindikatuan uste dugu erregulazio-espediente horren helburu bakarra Usurbilgo langile guztiak kaleratzea dela, eta lantegia ixtea. Baina lantegi horrek oso aktibo desiragarriak dituenez (4 milioi euro), zuzendaritzak gatazka uxatu nahi du Usurbildik, Estatuko gainerako lantegiak erabiliz, kaleratzeak errazteko, eta gatazka Gipuzkoatik urruntzeko.
Langileen ordezkariak