Atez ateko bilketak 10 urte gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 16a, 12:17

Ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen gaur 10 urte. 2009ko martxoaren 16an albiste genuen Usurbil, ez herri mailan baita udalerritik kanpo ere. Aitzindari bilakatu zen udalerri hau Euskal Herrian, hondakinak lehengai bihurtu eta herritarrak "teknologia" aurreratuenean bilakatu zituen atez ateko bilketa sistemari esker. Atez atekoak 10 urte bete ditu larunbat honetan.

Guztia zenbaki batek laburtu ezin badezake ere, Atez Ateko Bilketa sistemari lotutako ehuneko esanguratsu bat bada. Egun, Usurbilek sortzen dituen hondakinen %85 gaika biltzen da. 2009. urte hasieran, duela hamarkada bat, %28,42koa zen gaikako bilketa. Garai hartan, lau bat hilabeteko tartean %80 gaikako bilketara heltzeko erronka finkatu zuen Udalak; lau asteko tartean, %76,08ra heldu zen herria.

Ordutik bilketa sistema bera hobetzen, eta hondakinak berrerabili nahiz murrizteko egitasmoak sustatu dira, sortez besteko ordainketa sistema jarri zen abian, auto zein auzokonpostatze guneak sortu eta martxan jarri dira urteotan.

Atez ateko bilketaren 10. urtemugaren une esanguratsuenekin, azken hamarkadako ondoko kronologia osatu dugu:

Atez atekoak 10 urte

2008an zehar: atez ateko bilketaren nondik norakoak herritarrekin batera zehazteko, Usurbilgo Udalak parte hartze prozesua antolatu zuen auzoz auzo.

2009/01-03: azken prestaketa lanak; kuboen banaketa, zintzilikagailuak jartzea...

2009/02/13: ezohiko osoko bilkura. Atez ateko bilketa abiatzea onartu zuen udalbatzak.

2009/03/14: edukiontziak agurtzeko ekitaldia ospatu zen. Larunbat horretan kendu zituzten. Herriko kaleak edukiontzietatik libre geratu ziren.

2009/03/16: atez ateko bilketaren hasiera. Udal langileek bildu zuten lehen hondakin zatia; organikoa. Ikusmin handia, baina normaltasuna nagusi lehen egunetik. Handik gutxira, gaikako bilketa %28 ingurutik %82 ingurura igo zen.

2009/04: Udalak 4 hilabeterako finkatua zuen erronka lau asteten bete zen. Atez ateko bilketak, %28,42tik %76,08ra igo zuen gaikako bilketa Usurbilen. 

2010/02/27-28: hondakinen kudeaketa ereduari loturiko herri galdeketa historikoa Usurbilen. Herritarrei galdetu zitzaiena: "Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?". Atez atekoa garaile. 1.927 bozka atez atekoaren alde, 1.472 5 edukiontzien sistemaren alde. 4 edukiontzien aldeko 26 bozka. Parte hartzea, %70ekoa.

2010/03/12: atez atekoa goraipatu, zero zabor bidean sakondu eta erraustegiarentzako moratoria eskatzen zuen Usurbilgo Ituna sinatu zuten eragile sozial, sindikal eta politiko anitzek, Donostiako Kursaalen.

2011/03/20: errausketaren aurkako eta alternatiben aldeko flash mob jendetsu eta historikoa Zubietan.

2011/11/26: lehen auzokonpostatze gunea inauguratu zuten Errekatxikin. Ordurako ia 600 sendi ari ziren organikoa konpostean bihurtzeko lanetan. Gerora, konpostatze guneak eta egitasmo honekin bat eginiko sendiak ugaritzen joan dira.

2012/07/16: Garbigune berriaren inaugurazioa Atallun. Kalezarko Pikaolakoa ordezkatu zuen. Zerbitzuen zabaltze eta hobetzea.

2014/07/06: Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria martxan jarri zen. Erreusari aplikatu zitzaion. Erreusaren bilketa bi asterokoa izatera igaro zen.

2015/07/01: atez ateko bilketa martxan jarri zuten Zubietan, Usurbilgo partean. Donostiako lurretan bizi direnei atez atekora batzeko aukera eskaini zitzaien.

2016/03/16: atez ateko bilketak 7 urte. Usurbilgo gaikako bilketa, %83,61koa da, Usurbilgo Udalaren 2015eko datuen arabera.

2016/12/22: Usurbil 0.0 aurkeztu zuten, herriari hondakinen kudeaketa eredu integral baterantz bidea jorratzen lagunduko dion egitasmoa.

2019/03: Zubietako herriguneko hondakinen bilketa Usurbilgo Udalaren gain uzteko hitzarmena lantzen ari dira Zubietako Herri Batzarra eta Usurbil zein Donostiako Udalak.

2019/03/16: atez ateko bilketak 10 urte. Usurbilgo gaikako bilketa %85ekoa da.