Euskaraldiko hirugarren galdetegia osatzeko 100 lagun falta dira

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 28a, 09:56

Ez ahaztu, Euskaraldiaren eragina neurtzeko Soziolinguistika Klusterra egiten ari den ikerketarako behar gaituzte, azaroaren 23tik abenduaren 3ra 11 eguneko ariketa kolektibo hartan parte hartu genuen Belarriprest eta Ahobizi guztiok. Email bidez jaso dugun hirugarren galdetegia martxoa amaitu baino lehen bete behar da. Galdetegia osatzeko arazorik duenak deitu dezala Potxoeneara, 943 371 999 telefono zenbakira.

Adi Usurbilgo 1.333 Ahobizi eta Belarriprest guztiok. Dakizuenez 2020an izango dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aurretik ordea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin genuen ariketa kolektiboa borobiltzeke dugu. Dakizuenez, Euskaraldiaren eragina neurtu nahi du Soziolinguistika Klusterrak. Horretarako hiru galdetegi prestatu zituen parte hartzaileentzat. Lehenengoa Euskaraldia hasi aurretik, bigarrena Euskaraldia amaitu berritan eta hirugarrena egunotan jaso dugu emailez. Galdetegia betetzeak 5-10 minutu baino ez dizkizu eskatuko. Oso garrantzitsua da galdetegiok osatzea, ezinbestekoa, Euskaraldiaren benetako eragina neurtu ahal izateko.

Bigarren Euskaraldia, 2020an
Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatu dute orain; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematea, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.