Adi Usurbilgo 1.333 Ahobizi eta Belarriprest guztiok. Dakizuenez 2020an izango dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aurretik ordea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin genuen ariketa kolektiboa borobiltzeke dugu. Dakizuenez, Euskaraldiaren eragina neurtu nahi du Soziolinguistika Klusterrak. Horretarako hiru galdetegi prestatu zituen parte hartzaileentzat. Lehenengoa Euskaraldia hasi aurretik, bigarrena Euskaraldia amaitu berritan eta hirugarrena egunotan jaso dugu emailez. Galdetegia betetzeak 5-10 minutu baino ez dizkizu eskatuko. Oso garrantzitsua da galdetegiok osatzea, ezinbestekoa, Euskaraldiaren benetako eragina neurtu ahal izateko.
Bigarren Euskaraldia, 2020an
Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatu dute orain; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da.
Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematea, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.