Martxoak 8

Martxoaren 8ko greba feminista baloratzeko bilera irekia 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 21a, 10:56

Aurrekaririk ez duen mobilizazio eta greba eguna bizi izan genuen Martxoaren 8an. Ehunka emakumeek planto egin zuten Usurbilen, planto historikoa. Inoiz ezagutu den emakumeen aldarrikapen eta protesta egun jendetsuena bizi izan genuen herrian. Balantzea egiteko ordua heldu da orain.

Martxoaren 8ko ekimenak antolatzen aritu den emakume taldeak balorazio bilera irekia deitu du ostegun honetarako, martxoaren 21erako 18:30etan Potxoenean. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute. "Zorionak Usurbil! Sekulakoa izan zen martxoaren 8a! Hori dela eta, *balorazio bilera irekirako* gonbita luzatzen dizugu. Egun hori antolatzen aritu ginenok, egunean parte hartu genuenok eta bertaratu ezin izan genuenok, guzti-guztiek dugu lekua eta zeresana bilera horretan. Beraz, erantzi lotsak eta gerturatu!".

"Ligoteo sanoa"

Usurbilgo Gazte Asanbladak antolatu ohi duen kafe-tertuliaren baitan, "ligoteo sanoa" izeneko tailer mixtoa antolatu du ostiralerako (martxoak 22) 22:00etan Potxoenean. "Aspalditik eta askotan esan da ligatzea oso zaila dela eta badirudi gaur egun gero eta zailagoa egiten zaigula aurrez aurre ligatzea. Horregatik, gogoetarako, trebatzeko eta esperimentazio kolektiborako espazioa ireki nahi dugu tailer honetan. Tratu Onetan oinarritutako kultura erotikoa sustatuko dugu". 

Berdintasunean hezteari buruzko solasaldia
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolaturiko hitzordua, martxoaren 26an 17:00etan Potxoenean. "Haur eta gazteak berdintasunean hezteko baliabide ugari ditugu: Ipuin parekideak, film eta telesail parekideak, hizkuntza era ez sexistan erabiltzeko gidak, emakume erreferenteak... Baina, horien berri izateaz gain, ezinbestekoa da helduon ikuspegia aldatzea. Hitzaldi honetan berdintasunean hezteko baliabideak azaltzeaz gain, ikuspegia aldatzeko kontuan izan beharreko eremuez jardungo gara".

Bilgune feministako zozketa
Martxoaren 8ko greba feminista egunean zehar, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolaturiko zozketako errifak saltzen aritu ziren Usurbilen. Adi, 5.403 izan da zenbaki saritua. “Sarituak Errigorako saski zuri eta beltz bat jasoko du!”. Saritua zuetakoren bat baldin bada, helbide honetara idatzi: bulegoa@bilgunefeminista.eus