Jon Gurrutxaga eta Iker Piris Trio-ren eskutik, blues gaua 22:00etan hasita Sutegin

Ostiral gau musikatua datorkigu martxoaren 22an. Afalosterako kontzertua antolatu du Atea Teatrok 22:00etan Sutegiko auditorioan. "Kalitatezko Blues kontzertuak izango ditugu Jon Gurrutxaga eta Iker Piris Blues Band-en eskutik", iragarri dute.  Sarrerak 3 eurotan eskuratu ahalko dituzu egunean bertan kultur etxean. 

Blues kontzertua izango da ostiral honetan hilaren 22an 22:00etan Sutegin, Jon Gurrutxaga eta Iker Piris Trioren eskutik. "Musikagintzan bi hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga. Arima Beltza taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak diruditen bi eginkizunetan, bateria jotzea eta abeslaria izatea, aldi berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du.  Horrela, Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte geroago itzuli da Hitz lauz diskoarekin. Urteotan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian utzi ditu lan honetan".

Alex Tello aktoreak antolatu du kontzertua eta berarekin izan da Noaua!, emanaldiaren nondik norakoak ezagutzeko.

Alex Tello: “Usurbilen ez dugu aukera askorik izaten blues kontzertuez gozatzeko”

NOAUA! Jon Gurrutxaga eta Iker Piri Blues Band arituko dira Sutegin. Egingo zeniguke bi artista hauen aurkezpen bat?
Alex Tello: Iker Piris Trio da berez. Jon Gurrutxaga elgoibartarra da, Arima Beltza, Euskal Herrian bluesa egin duen talde garrantzitsu bateko kidea. Betidanik oso gustukoak izan ditut. Nire asmoa urtero herrian ekitaldi bat antolatzea da. Aurten ikusi dut Jon Gurrutxagak disko berria atera duela eta bilatzen dudan horrekin bat datorrela. Iker Pirisen kasuan, ibilbide luzea du eta nik berarekin teklatuan aritzen den Freddy ezagutzen dut, eta Freddy ere oso ona da, asko ematen du. Niri horrelakoak programatzea gustatzen zait, musika emanaldiak    antolatzea, eta Usurbilen ez dugu aukera askorik izaten blues kontzertuez gozatzeko. Musikariok ikusteak merezi du.

Atea Teatro taldearekin antolatu duzu kontzertua. Zuretzat musika eta antzerkia iturri bereko bi ur dira?
Gizarte Hezitzaile lanetan nabil, urtebete daramat antzerkitik aldentzen, ez interpretaziotik. Ikus-entzunezkoetan aritu naiz, laburmetraiak egiten, baina antzerkiko “desengainua” edo antzeko zerbait sentitzen dut. 2015ean antzerkiarekiko apustu sendoa egin nuen eta hiru obra aurkeztu genituen. Apustu oso handia izan zen eta trukean oso gutxi jaso nuen. Fase honetan, ordea, nahiago ditut zinea eta musika.

“Galerak” ikuskizuna antolatu zenuen azaroan Sutegin. Disko bat ere iragarri zenuen garaian. Noizko egongo da kalean?
Maiatzean, Gaztelupeko    Hotsak disketxearen eskutik. Diskoa eta DVD-a. Sutegiko azaroko emanaldia sartzea erabaki dugu eta horregatik atzeratzen ari da prozesua.
 
Aktore ezaguna zara. Nataliren bideoklip berrian ikusi zaitugu. Nola sortu zen Natalirekin lan egiteko aukera?
Ixak Arrutirekin aspalditik dut harremana Mendeku Itxuaketik eta. Abestien letrak idazten nizkien. Nataliren kasuan, Galerakerako deitu nien abesti bat ea asma zezaketen eta egin zuten. Orduan elkartrukea da: haiek eskatzen didatenean nik eman eta nik eskatzean beraiek eman. Zuzenekoan baita ere, haien kanta berriaz gain, Oihana Alkortaren kanta bat ere jo zuten eta beraz, Natali taldeak zerbait eskatzen badit ni prest.

Eta orain, Alex Tellok eta Atea Teatrok zer nolako proiektuak dituzte eskuartean?
Etorkizun hurbilean diskoa plazaratzea. 2 urte daramatzagu horretan eta gutxi geratzen da. Aurrerago begira laburmetraiak. Telmo Iruretarekin film laburrak egiten ari naiz, 2017an hasi ginen eta berez luze baten proiektua daukagu. Ez dakit inoiz amaituko dugun. Urtean film labur bat edo bi egiten ditugu eta asmoa da film labur horiek ekarri eta luze bat egitea. Momentuz bi labur ditugu eta hirugarrena bukatzear. Bi aste barru hurrengo atala grabatuko dugu. Sei urterako lana badaukagu behinik behin. Ez dakit inoiz proiektu hori amaituko dugun, ikusiko dugu. Niretzat  garrantzitsuagoa da proiektua, hasiera hori. Diskoarekin ere gauza bera gertatzen zait. Ideia batzuk dauzkazu eta horiek bideratzea da niretzat erakargarriena. Gero hasitakoak amaitu egin behar izaten dira, baina... Beste kontu bat izaten da diruarena, hori izaten da parterik itxusiena, ez? Baina, tira, horretan gabiltza. Dagoeneko hamazazpi minutu eginda dauzkagu, eta atalen konturik garrantzitsuena zera da, modu independentean ikus ditzakegula. Atal   bakoitzak bere xarma du eta lotura du batak bestearekin. Momentuz aktore dezentek hartu dute parte: Elena Iruretak, Clara Badiolak, Jose Ramon Soroizek, Telmo Iruretak, eta hurrengoan Dorleta Urretabizkaia egongo da. Pixkanaka goaz. Xumea, baina aldi berean kalitatezkoa. Gauzak lasai eta mimoarekin egin behar dira eta pozik nago honekin guztiarekin, bai diskoan, bai laburretan ere talde oso ona osatu dut.