Martxoko udalbatzaren ohiko osoko bilkura eta apirilaren 28ko hauteskundeetarako mahaikideen zozketa hitzordu bakar eta berean egiteko deitu dute plenoa, astearterako izan beharrean ostegunerako, martxoaren 28rako, betiko ordu eta tokian; 18:00etan Udaleko udalbatza aretoan.
Hauteskundeetako mahaikideen zozketa egiteaz gain, gai gehiago hartuko dituzte ahotan. Batetik, Gureak eta Elkar Michelin ondora, Zapategi lur eremura ekartzeko gune honen hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntualaren (03 aldaketa) hasierako onarpenaz erabaki beharko dute udal ordezkariek.
Donostia eta Usurbilen artean zatitua den Zubietako obra eta zerbitzuak eraginkortzeko bertako Herri Batzarrak eta Donostia zein Usurbilgo Udalek landu eta adostu duten lankidetza hitzarmena bozkatuko dute. Eta Usurbilgo Udalak Beterri-Buruntza eskualdeko tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitate baten sorreran izan dezakeen parte hartzea izango da ahotan hartuko duten beste gaia. Hemen xehetasunak:
UDALBATZAREN EZOHIKO OSOKO BILKURA
Eguna: martxoak 28, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1.- Aurreko aktaren onespena: 2019/02/26ko akta.
2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2019ko otsailaren 18tik martxoaren 22ra (2019/0202- 2019/0293).
3.-2019ko apirilaren 28an ospatuko diren Hauteskunde Orokorretarako mahaikideen zozketa.
4.-Usurbilgo Udalaren parte hartzea Beterri-Buruntza eskualdeko Tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitate baten sorreran.
5.-HAASetako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala (03 aldaketa). Hasierako onarpena.
6.-Usurbilgo eta Donostiako Udalen arteko lankidetza hitzarmena, Zubietako eremuan exekutatutako obra eta zerbitzuen inguruan.
7.- Galdera-eskaerak.