Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 28a, 07:21

Pentsio eta bizi duinak aldarrikatzeko azken ostegunetako elkarretaratzea deitu dute Usurbilgo Gure Pakeak, Santueneko Gure Elkarteak eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek ostegun honetan, martxoaren 28an 19:00etan Mikel Laboa plazan.

Aurreko hilabeteotan hartutako konpromisoari tinko eusten segitzeko asmoa dute pentsiodunek. "Gure elkarretaratze eta manifestazioekin jarraituko dugu, gure aldarrikapenak datozen hilabeteetako agenda sozial eta politikoetan sar datiezen", otsaila amaierako elkarretaratzean adierazi zutenez. 

Orduan berri eman zutenez, Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformetako ordezkaritza bat Madrilen izan zen otsailaren 20an. Parlamentarien talde zenbaitekin bildu ziren, pentsiodunen aldarriak helarazi eta defenda ditzatela galdegiten. Apirilaren 28ko hauteskundeak tarteko, aipatu eskaera guztiak bideratzeko Espainiako Gorteak martxoaren 5ean desegin arteko epea zutela gogorarazi zitzaien. Bestela, "alderdi politikoek beraien hauteskunde programetan sar ditzatela" galdegiten dute eta "nornahik gobernatzen duelarik ere, eskaera horiek defendatzeko konpromisoa har dezatela". 

Agintari eta botere ekonomikoaren itxurakeriari planto
Martxoaren 8aren egunaren karietara zenbait hausnarketa egiteari bidezkoa eta beharrezkoa deritzogu, pentsioak grebaren ardatzetako bat izan den une beretik, eta, batez ere, emakume pentsiodunen aldarrikapenak lehen lerroan izan direlako.

Duela gutxi, PPko Pablo Casadok zioenez, pentsio sistemak etorkizuna izateko emakumeok ume gehiago erditu behar ditugu, eta gezur borobila dela esan behar da. Emakumeok etxerako bidean jartzeko asmoa iragartzen da horretan, emakumeok berriz ere eremu pribatura kateatuko gaituzten politikak bultzatuz, hain zuzen ere. Gakoa aberastasunaren banaketan dago, pentsio sistema publikoaren aldeko apustu sendoan, lanari dagokion balioa emango dion lan mundua ziurtatzean eta bermatzean, eta 80ko hamarkadaren erditik hona espainiar estatuko gobernuek indarrean jarritako lan eta pentsio erreformak indargabetzean.

Horrekin batera, lan erreproduktiboak aitortu beharko lirateke eta, halaber, soldata arrakalaren atzean dauden kausei aurre egingo dieten politikak bultzatu, gizonen eta emakumeen arteko pentsioen berdintasuna lortze aldera. PPko agintariak ez ditu buruan etorkizuneko pentsiodunak, mugimendu feminista gizartearen begietara aldaketak lor ditzakeen mugimenduak bilakatzen ari dela baizik.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrean ikusi dugu Iñigo Urkullu lehendakaria buru dutela, Jaurlaritzako kontseilariak txapa morea paparrean pozarren. Zer egin zuen ba Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan pobreziaren atalasetik behera dauden pentsioak osatzeko eskaeraren aurrean? Ez al dira ba emakume alargunak egoera horretan daudenak? Non zen haien gaurko emakumeekiko sentiberatasuna? Zergatik ari dira zerbitzu publikoak etengabe pribatizatzen eta gizarte zerbitzuak etengabe murrizten?

Emakume gazteen emantzipazioa eta pentsiodunentzako zahartzaro duina ezinezkoa egiten duten horiek feminismoaren alde agertu dira. Gure agintariak botere ekonomikoaren esanetara daude, eta haien asmoak eta politikak bultzatzen dituzte geroz eta kapital gehiago, geroz eta esku gutxiagotan metatzeko helburuari jarraiki.

Pentsiodunon borrokak luze joko du eta pazientzia, alaitasuna, kemena, jarraitasuna eta gure aliatuak diren emakume mugimenduarekin, gazteekin eta langileekin saretuz aurrera egitea lortuko dugu.

Pentsiodunak aurrera