Gure seme-alabei eduki parekideak eskaintzen dizkiegu?

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 28a, 16:34

Nola ekidin gure seme-alabek telesail eta film sexisten edukiak barneratzea? Nola egin dezaket nire seme-alabek ikus-entzunezko produktuen bidez jasotzen dituzten edukiak kontrolatzeko? Guraso askorentzat kezka iturri dira gisa horretako egoerak. Heziketa on bat jasota ere etxean zein ikastolan, haurrek kanpo estimulu gehiago ere jasotzen dituzte. Neurri handi batean estimulu horiek telebista eta liburuetatik datoz. Gai hori landu dute Ilazki Gaintzaren hitzaldira hurbildutako guraso zein herritarrek. Denek erabaki dute euren seme-alabak berditasunean heztea, baina nola egin aurre kanpo estimulu negatiboei?

Haurrek subkonszientea garatzen dute kanpotik datorzkien estimuluen bitartez. Neurri batean eduki horiek gurasoek kontrola ditzakete, esaterako liburuak edota filmeak aukeratzerako garaian. Nola jakin, ordea, liburu edo film horren edukiek gutxieneko neurri batean berdintasun printzipioak betetzen dituela? Bechdel testa egitea litzateke egoera horren aurrean hartu beharreko lehenengo neurria. Hiru galdera errazekin jakin dezakegu emakumearen papera gutxiengo estandar batzuen aurrean betetzen dela: 

- 1. Gutxienez, emakumezko bi pertsonaia agertzen dira.

- 2. Bi pertsonaia horiek elkarrekin hitz egiten dute momenturen batean.

- 3. Gizonei buruz ez den beste gai baten gainean hitz egiten dute (erlazio erromantikoei buruz bada edo bi ahizpek aitari buruz hitz egiten badute, ez luke testa gaindituko).

Bechdel testak ez du bermatzen rolak parekideak direnik, baina bai emakumeen gutxiengo ikusgarritasun bat. Liburuak edo filmak aukeratzean haratago begiratu daiteke eta horretan genero rolen gaineko hausnarketa egitea komeni da. Haurrei zuzenduriko edukietan sarri banaketa nabarmena egiten da rolen artean. Neskak ahulak  eta dependienteak dira, eta protagonista papera baldin badute erregina edo printzesak izango dira. Mutilak baldin badira, indartsuak eta ausartak izango dira, superheroiak eta salbatzaileak. Gisa horretako edukien aurrean zer egin? Ilazki Gaintzaren gomendioa ilustrazioei eta laburpenei erreparatzea da, zein eduki landuko diren aldez aurretik jakin ahal izateko. Arazo bera sortzen da jostailuak erostean ere. Mutilentzako jostailuak alde batean, sekzio urdin batean daude: eraikuntza, borrokarako ezpatak... Beste aldean neskentzakoak, sekzio arrosa batean: sukaldea, erosketa orgatxoa... Horren aurrean, estereotipoekin hausteko mezua zabaldu du Gaintzak. Mutil batek orga bat nahi badu, erosi. Hala ere, jostailu parekideak erostea da beti aukerarik onena hizlariaren ustez, genero rolekin hausten duten jostailuak.

Hitzaldia amaitzean gurasoen kezkak plazaratu dira. Aurrez aipatutako guztia eginda ere, eremu ez kontrolatuetan haurrek jasotzen dituzten estimuluen aurrean zer egin gutxi daukatelako kezka dira gehienak. "Laster etorriko da gizona iturria konpontzera", horixe esan omen zion haur batek amari. Beste baten semea beldur zen kolore arrosa jazteagatik burla egingo ote zioten. Halako egoeren aurrean, haurrekin lasai hitz egitea gomendatu die hizlariak, ez agian une oro esaten duten guztiaren gainean bronka botatzea, baizik hausnarketarako lekua eginda. Hala, lehen haurrari horrelako zerbait erantzun dakioke: "emakume batek ezin du iturria konpondu, ala?".