10 urte, kantu zaletasuna landu eta plazaratzen

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 29a, 11:57

10 urte bete ditu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Usurbil eta Nafarroako ehunetik gora kantuzale bilduta ospatuko du larunbatean (martxoak 30) urtemuga festa berezia. Taldeko bi kiderekin bildu da NOAUA! jaialdiaren bezperatan.

Garai batean lanean, kalean, etxean abesten zutenak, pixkanaka musikari eta dantzarien ikus-entzule izatera igaro ziren eta horrek, “garai batean kanturako genuen zaletasuna murriztea ekarri zuen pixkanaka, norberak kantatzeko ez duela balio sinesteraino”. Egoera hau irauli eta zegoen hutsunea bete nahian, kantu zaletasunaz blaitutako Ipar Euskal Herrira eginiko hainbat bisitetatik sortu zitzaion lagun talde bati, Usurbilen lotune bakarrak euskara eta abesteko zaletasuna izango zituen kantu zaletuen bilgune irekia sortzea.

Euskal Herrian beste hainbat herrietan gertatu izan denaren ispilua izan zen herri hau. 2009. urtean sartu berritan, Udarregi Ikastolako musika gelan hasi ziren lantzen kanturako zuten zaletasuna. Lerrootan protagonista nagusia dugun 10 urteko ibilbidea osatu duen Kantu Taldea jaio zen. Ordutik, euskara eta euskal kantutegia ardatz, kantu zaletasuna lau haizeetara gogotik hedatzen aritu dira. “Hori berreskuratu nahi izan dugu, kantua baita gure adierazpen primitiboena”.

10 urte pasata, osasuntsu da taldea. Asteleheneroko ikastaroan, “35-40 bat lagun biltzen gara. Jendea gustura dator abestera, kantuan gozatu eta ondo pasatzera”. Beste musikariei entzuteaz gain, ikus-entzule pasiboak izateari utzi eta kantu zale eta eragile aktiboan bilakatu da taldea, eta taldeko kideak.

Kantuak dituen dohainak sustatzen dihardute. Haurtzarotik heziketan abesteko ohitura txertatzeak “haurrari izugarrizko garapena dakarkio”, adierazi digu Kantu Taldeko kide Mikel Usabiagak.

Guztiontzako jarduera osasuntsua dela azpimarratu digu Jaione Eskuderok, ikertua eta frogatua dagoela. “Kantuak garuna irekitzen du, edozertarako prestatzen gaitu”, dio Eskuderok.

Taldea, herri eragile ahaldundua 
10 urteotan herri eragile anitzekin aritu dira elkarlanean. NOAUA! K.E.-rekin eta Udalarekin esaterako, kantu-liburuxkaren lanketan. Aldaketa nabarmena ekarri zuen taldera. “Hasieran kantuen orrien fotokopiak atera eta banatzen aritzen ginen. Kantuak eta orriak pilatzen zihoazen. Berehala ikusi zen kantu-liburuxka baten beharra”, oroitu digute Kantu Taldetik.

Lehen urteetan kaleratu zen lehen edizioa zaharkitua geratu eta bigarrena ere argitaratu zen. Eta hirugarren bat ere beharko da agian etorkizunean, “badira hainbat kanta gustuko izan eta jarri litezkeenak”.

Bidelagunez josia
Bota Punttuba, Usurbilen Nahi Ditugu, Gure Pakea Elkartea, Zumarte... izan dituzte bidelagun 10 urteotan. “Elkarlan hori garrantzitsua da, elkarren arteko hormak hautsi eta halako elkarbizitza bat izateko. Usurbilek hainbat eragile ditu zorionez eta Kantu Taldea horietako bat da. Pozik gaude horregatik”, adierazi diote Kantu Taldetik NOAUA!ri. Hainbat dinamika sortu dira elkarlan horietatik; besteak beste, kantua, bazkari edo afariekin edota bertsoekin uztartu izan dituzteneko saioak, sortzaile ezberdinen omeneko saio monografikoak beste herri eragileen hitzorduetan ere parte hartu izan dute. Talde barrura begira, “kantu-jira eta kantu-afari mordoa egin dugu”. Topaketak beste kantu taldeekin. Herritik kanpora ere jo dute abestera, ez baita ahaztu behar Usurbilgoa Euskal Herriko Kantuzaleen Elkarteko kide eta sustatzailea dela, Euskal Herrian diren gainerako antzeko kantarien bilguneekin batera. Bada gogoan duten une berezi bat. Institutuko ikasleekin Mahaspildegi elkartean belaunaldi arteko kantu-afaria ospatu zutenekoa.

Ahalduntzea eta kohesioa
Jorraturiko bidean aipatzeko hiru lorpen baditu Kantu Taldeak. Batetik, transmisioan egin duten ahalegina. 300 kantez osaturiko liburuxka hartu eta plazara abestera irtenda, “jendearen belarrietara nahi gabe ere iritsi egiten da, transmisioan ari gara”. Bigarrenik, herri kohesioan sakontzeko egin duten ekarpena. “Gizartean ditugun hormak hausten ditu, denok maite baitugu abestea”.

Bestetik, norbanako gisa eta talde mailan eman den ahalduntzea. Urrun zuten plaza hartu dute. “Hasieran ez ginen hain ausart abesten, baina horma hori pixka bat hautsi da”. Aurrera begira ere horretan jardungo dute ziur. Larunbateko festa igarota, urtemuga hau ospatzeko ez dute baztertzen aurten hitzaldi edota jai giroko ekitaldiren bat antolatzea. Gainerakoan, argi dutena da orain arteko bidean sakontzen segi nahi dutela. “Taldeko asko konturatu gara zenbat dugun ikasteko. Konturatzen gara kantatzeak baduela ikasi beharreko ibilbide polita”, adierazi digu Mikel Usabiagak. Jaione Eskuderok askatasunez kantatzera animatzen gaitu. “Libre kantatu, libre sentitu abesten, batere beldur eta lotsarik gabe”. Zorionak!

"Guztiok dugu kantatzeko eskubidea"
Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko ikastaroetako eta kantu-jiretako lehen gidaria Susi Elosegi izan zen. Duela bi urte, Udarregi Ikastolako musika irakaslea ere baden Jaione Eskuderok hartu zuen lekukoa. Ikasteko gogotsu, eroso eta gustura ari zen taldea aurkitu zuela adierazi dio NOAUA!ri. "Jende ezberdinez osatutako talde ireki bat. Horixe ikusi dut usurbildarron artean", dio Eskuderok. Urte luzez borrokatu da, gaizki abesten duen inor ez dagoela aldarrikatzen. Aldarri hau noski, Kantu Taldera ere eraman du. "Duela gutxi taldean hasi diren kide berri batzuk sekula ez dutela kantatu esan zidaten, ez direlako abesteko gai sentitu. Txikitan edo gaztetan gaizki absten zutela adieraziz kantutik apartatu zituztelako".

Jaioneren lan ildo nagusia da honako hau transmititzea. "Denok balio dugu abesteko, barrutik ateratzen zaigun hori adierazteko gai gara". Kantu Taldearen dinamikan txertatua dute ikuspegi hau. Kantarien ahotsak ez dira abestietara egokitzen. "Ahotsak bilatu egiten ditugu. Kanta kantariearen ahotsa eta doinura egokitzen dugu, dena naturalki", nabarmendu digu Eskuderok. 

Horregatik, Kantu Taldea herri osora zabaldua dagoela dio. Abestea ere guztion eskubidea dela aldarrikatzen du. "Zer behar da taldean kantuan jarduteko? Gogoa besterik ez. Guztiok dugu kantatzeko eskubidea eta kantarekin bizi eta adierazteko aukera"; dio Udarregi Ikastolako musika irakasleak. 

Gogoan izan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea astelehenero biltzen da 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan. Saio hauetan, gero plazara irteten direnean kantatuko dituzten abestiak prestatzen aritzen dira.

Hitzordu bikoitza asteburuan
Asteburu honetan hitzordu bikoitza izango dute; larunbatean 10. urtemuga festa, eta Felix Sarasolari igandean 12:00etan frontoian egingo zaion herri omenaldian ere parte hartuko dute.