Kantu Taldearen 10. urtemuga festa larunbatean, Nafarroako kantu zaletuekin

10 urte bete ditu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Eta nola ez, abesten ospatuko du larunbaterako antolatu duten urtemuga festa berezia. Ehunetik gora kantuzale bilduko dituzte larunbat eguerdian herrian barrena egingo duten kantu-jira bereziak. Urdairan antolatu duten kantu bazkariarekin emango diote segida jai giroko egunari.

Bosgarren urtemugan arabarrekin ospatu zuten topaketa berezia Kantu Taldekoek. Hamar urteak aldiz, Tafalla eta Iruñeako kantu zaletuekin. Ehunetik gora kantuzale espero dira larunbat eguerdian Usurbilen. Ongi etorria eman eta hamaiketako ederra dastatu ostean, ekitaldia iragarri dute 12:00etan frontoi atzean. Eta segidan, Mikel Laboa eta Joxan Artze oroituz, kantuan abiatuko dira kalez kale. Lau bat geldialdi egin ostean, amaieran Dema plazan bilduko dira, “oso gureak ditugun kantuak abesteko”, adierazi diote NOAUA!ri Kantu Taldetik. “Txamunto”, “Usurbilgo Eliza”,... “gure kantak guk abestu eta non sortu diren aurkeztu behar dizkiegu datozenei. Azkenean, herria aurkeztu”, Mikel Usabiagak adierazi digunez.

Martxoak 30, larunbata
11:00 Ongietorria hamaiketakoarekin Askatasuna plazan.
12:00-14:00 Kantujira Mikel Laboa plazatik abiatuta. Amaieran, Dema plazan Usurbili lotutako abestien kantaldia. Deialdi irekia kantu zaletu guztientzat.
14:00-18:00 Bazkaria Aginagako Urdaira sagardotegian.
Izen ematea: itxita.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.