Gaztetatik bidaiatzen
Duela 72 urte sortu zen “Andrenagusi” baserriko semea. Adierazi digutenez, eskuzabala, geldirik egoteko jaioa ez zena, besteei emana, lagunkoia.
Bidaiaria gaztetatik. Lintzirinen elikagaiak manipulatzeko agiria eskuratu bezain laster, hasiko zuen munduan barrena murgilduko zuen bidaia luzean. Lehen geldialdia kanariar uharteak. “Hiru maleta gorrirekin joan zen”, dio bere iloba Arantxa Sarasolak. Handik itzulitakoan, Lintzirineko agiri hura eskuratuta, AEB-tara eramango zion itsasontzian Manhattanera. Bidean eta han denetariko lanak egin zituen; oinetakoak edota ontziak garbitzen... Etxera itzulitakoan, Kanarietara bezala AEB-tara eramandako “maleta gorriak non dituzu?. Jateko saldu behar izan ditut erantzun zidan. Markatua utzi zidan”, oroitzen du Arantxak.
Euskal Herrira itzulita, sukaldaritza munduan ibilbide oparoa osatu zuen Felixek. “Tolosan Beti Alai jatetxean urte batzuk pasa zituen. Gero Lasarteko Txartelera etorri zen”, oroitzen du Felixen anai Joxe Ramonek. Txartelen lehenik eta Txitxardin Beltza jatetxean lanean zebilela, 17 bat urte eman zituen iloba Arantxak osabarekin lanean. Garai hartako bizipen gogoangarri mordoa du.
Sukaldatzeko gaitasunaz gain, oso antolatzaile ona zen eta sukaldaritzako irakasle trebea, “sekretu profesionalik ez zuen gordetzen”. Halere argi zuen lanak bere bizitzan zer nolako tartea izatea nahi zuen. “Lana bai baina harremantzeko, ez bere bizitzako kartzela lana bihurtzeko”, Arantxaren esanetan.
Ez zen geldirik bizitzeko jaioa. “Bere pasioa bidaiatzea zen”, oroitzen du Felixen ilobak. Lasarteko jatetxean zela, ezkontzera zihoan bikote bat menua antolatzera etorri eta “menuaz hitz egin beharrean, bidaian nora zihoazen eta horri buruzko informazioa ematen aritzen zen”.
Amaia Zubiriarekin kantuan
Lasarteko Txitxardineko sukaldean, Felixek lagun oso ona zuen Mikel Laboa bera ikusitakoa da Arantxa, kontzertu baten atarian. Sortzaileen munduarekin lotura bazuen Felixek, “ondo abesten zuen”. Zubietan sortutako Amaia Zubiria abeslariarekin kantari berrien lehiara aurkezturikoa da Felix.
Lasarten lanean zela etorkizuna zeharo aldatuko zion herrialdea ezagutzeko aukera izan zuen “Felitok”; Kuba.
Lagunez inguratua
Zenbaezinak dira Felixek bai Euskal Herrian zein itsasoz bestalde, Kuba aldean utzi dituen lagunak. Guztion ordezkaritza zabala bilduko du igandeko omenaldiak. Herritik hasita, 1997an sortu zuen Baba Beltz Txiki Kofradiakoak, Kantu Taldekoak... espero dira. Argiako lagunak baita, urte luzez Lasarteko Txitxardin jatetxean ospatu baitziren Argia Sariak, bilerak egiteko garajea utzi eta ibilbide oparo askoa jorratu duen Porrotx ere bai... Aurpegi ezagunak espero dira; hil berritan gerturatu moduan, Ruper Ordorika, Duo Jade bikote kubatarra, Joseba Tapia, Olatz Korta... espero dira Usurbilen. “Bera halakoxea zen, denentzat zuen ongi etorria”, oroitzen du iloba Arantxak. Igandean lagun talde zabal eta anitz horren ordezkaritza bilduko da Usurbilen.
“Habanako euskaldunen herri enbaxadorea izan da”
Felix Sarasolaren biografian aparteko aipamena merezi du, azken urteotan bizileku zuen Kubak. “Habanako euskaldunen herri enbaxadorea izan da”, dio argi, Felixen lagun Jose Luis Arrastoa kalezartarrak. Oso argi dio, Felixen Kubako etxea “hango nahiz bertara zihoazen ehunka euskaldunen bilgune eta ostatua” izan da.
Eskura zuen guztia egiten zuen Kubara zihoan edozein euskaldun agurtzeko, aireportura edo hoteletara joateraino. “Euskaldunen bat bertan egon eta jakinaren gainean ez egoteak mintzen zuen”, dio Arrastoak. Felixen eskuzabaltasunaren adibide gisa, bere etxeko ateak denentzat beti zabalik izan zituela azpimarratzen du. Eta mahaia, berak antolatu eta prestaturiko otorduak lagun artean partekatzeko baliatzen zuela. “Hemengo jaiak hara lekuz aldatzen zituen”, nabarmentzen du Arrastoak. San Tomas, Donostia, Aberri edota San Fermin Egunak antolatzen zituen Kuban. Halako ospakizunen atarian, “15 bat egun urduri pasatzen zituen elikagaiak lortzeko”. Ospakizunok ondo ateratzen zirela ikusteak, “jendea gustura ikusten zuenean sentitzen zen zoriontsua”.
Beti laguntzeko prest
Nahiz eta hemengo ohiturak hara eraman, hango gizarte eta bizimoduan ezin egokiago barneratu zen “Felito”. Bere eskuzabaltasunaren ikur, bertako zenbat jende lagundu zuen, esaterako tramiteekin. Bere heriotzak gogor kolpatu ditu Kubako lagunak. “Oraindik hil dela sinistu ezinik daude”, dio Arrastoak.
Bistan denez, “jende klase guztiarekin ondo eramatea gustuko zuen”. Igandeko omenaldian Kubako ordezkaritzarik ere ez da faltako. “Egun berezia izango da, jende asko baikara Felixi batzen gaituena. Bertaratuko direnak Felixi esker ezagutu dira”, adierazi digu Arrastoak.
Felixekin bat datorren agurra
Usurbilgo omenaldian bai, baina aurretik ere etxean senideek nabaritu dute Felix zenbat maite zuen jendeak. “Gu odoleko familia gara, baina beste familia handi bat ere badu”. Eta une zailetan alboan izan dituzte. “Felix nola zegoen jakin zutenean, gure etxera etorri da jendea. 8-10 lagun noiznahi, berarekin egoteko”, anaia Joxe Ramonek oroitzen duenez.
Igandeko omenaldia ere horren guztiaren ispilu izango da. “Berarekin bat datorren” ekitaldia ospatuko da frontoian, etxekoen esanetan. “Hiltzen zenean trikitixa jartzeko esaten zuen”, oroitu digu Joxe Ramonek.
Hortik, igandeko ekitaldi hunkigarriari eman nahi zaion lagun arte giroko festa giro ukitua. “Alaia baitzen, askea, jende tartean ibiltzea gustuko zuena, oso soziala”, Arantxa Sarasolaren esanetan.
Iraultzaile sanoa
Eta hala oroitu behar dugu igandean. “Gustura ez, bera falta da eta. Baina ekitaldia ikusi eta sentituko dugu”, adierazi digu Felixen anaiak. Nola oroitu behar dugun galdetu diegu. “Modu sanoan, iraultzailea izan da, nahi duena egin du”, azpimarratu du bere anai Joxe Ramonek.
Felixen sendiak esker oneko hitzak baino ez ditu, martxoaren 31ko omenaldia antolatzen, prestatzen eta gauzatzen aritu diren guztientzat.
Lagun arteko agurra igandean
Eguna: martxoak 31, igandea.
Ordua: 12:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Ekitaldiaren zehaztasunak: Felix Sarasolaren lagunek prestatu duten emanaldi hunkigarria frontoian. Amaieran hamaiketakoa.
Antolatzailea: Felix Sarasolaren lagun eta senide taldea.