Azkena izango ez den ordu aldaketa igande goizaldean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 30a, 07:40

Erlojuetako orratzak aldatzeko garaia heldu da. Adi, larunbatetik iganderako gauak ordubete gutxiago izango baitu. Azken aldiko zurrumurruak argitu dira; gutxienez beste bi urtez, urtean bitan ordua aldatzen segi beharko dugu. 

Udaberrian sartu berritan, udara begira jarriko gaituen aldaketa datorkigu asteburuan; urtean bitan izaten dugun ordu aldaketa. Larunbatetik iganderako gauean, goizaldean izango da aldaketa. Goizaldeko 2:00etan 3:00ak izango dira. Honenbestez, ordubete gutxiago izango da larunbat gauean, parrandarako nahiz lotarako. Igandetik aurrera, ordubete beranduago ilunduko du. Bestela ere, argi orduak luzatzen doaz, gauak laburtzen.

Ordu aldaketaren gaia pil-pilean da azken aldian. Asteburu honetakoa azken ordu aldaketa izan zitekeela entzun izan da azken aldian. Europar Batasuneko herrialde bakoitzak, aurrerantzean udako edo neguko ordutegian geratzea erabaki zezakeela. Europako Batzordeak ordu aldaketa 2019an kentzea proposatua zuen. Egunotan ezagutzera eman denez ordea, ordu aldaketa kentzeko erabakia bi urtez atzeratu dute. Hau da, 2021. urtera arte atzeratu dute gai honi buruzko erabakia hartzea. 

Honenbestez, ordua urtean bitan (martxoko eta urriko azken asteburuan) aldatzen segi beharko dugu beste bi urtez. 2020ko apirilerako Europar Batasuneko herrialdeetako gobernuek Bruselari jakinarazi beharko diote udako edo neguko ordutegian geratu nahi duten. Hori argitu ostean, negoziazio prozesua abiatu beharko du, datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetatik eratuko den Europako Parlamentu berriak.