"Amaren Etxea" presoen errealitatearen aurpegi anitzak

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 29a, 13:25

Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno euskal presoen sorkuntza lanak Sutegin jartzearekin bat aurkeztu dute "Amaren Etxea" liburua. Presoen familia eta lagunen testigantzak biltzen dituen ia 500 orriko lanak beldurrak eta irrikak azaleratzen ditu; testigantza goxoak eta ilunak tartekatuz. 

Jokin Urainek idatzitako liburuak aberritik urrun dauden horien egoerari beste aurpegi bat jartzea du helburu. Hala, Gabriel Arestiren "Aitaren Etxea" poema ezagunari buelta bat eman eta emakume irudia jarri dio. Etxeko goxotasunaren eta sutondoaren irudi, aberriari emakume aurpegia jarrita. Artelanen erakusketak ere horixe bera du ardatz, espetxean dauden emakumeen egoera.

Aitzol Iriondok eta Itziar Morenok espetxearen ikuspegi jakin bat partekatzen dute. Espetxea eta emakumearen arteko arrakala horretan bilaketa eginda. Itziar Morenok "ekintza pornoterrorista txikia" eskaini nahi du bere lanekin, espetxean dauden emakumeen sexu-harremanen gabezia eta tabuak azaleratuta. Aitzol Iriondo lasartearrak ere espetxean dauden emakumeen egoera azaleratzen du, bai eta espazio oso murriztuetan dauden presoen askatasun falta ere. 

Erakusketa hilaren azken egunera arte egongo da ikusgai Sutegin. Batetik, martxoaren 30ean sorkuntza eta presoak hizpide dituen solasaldia antolatu dute, besteak beste, Xabier Aranburu “Xomorro” Aginagako preso ohiarekin. Eta lau egunez Sutegin, kontzientziak astindu eta gogoetatzeko Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno Frantziako espetxeetan sakabanatuak dituzten euskal presoen sortze lanak ikusgai izango dituzue.

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik azpimarratzen dutenez, “ez diote inoiz utzi munduari so egiteari, interpretatzeari, eraldatu nahi izateari. Horretarako, besteak beste, sorkuntzari heldu diote, diziplina ugarietatik”. 

Sorkuntza espetxe barruko biziraupenerako bitarteko bilakatzen dela nabarmentzen dute erakusketaren antolatzaileek. “Izan ere, sortzea bizirik irauteko bitartekoa da kartzelan. Ziegaren helburua da presoa bere ingurunetik bakartzea, eta, sorkuntzaren bitartez, bakartze hori hautsi, eta espetxetik kanpokoarekin harremanetan jarri nahi izan dute. Eremu gris horri kolorea ematen saiatu. Erakusketa honetan, gainera, gaurkotasun handiko gaiei erreparatu diete; migrazioari, emakumearen sexualitateari, zapalkuntza sexistari edota transexualitateari”.