Hauteskundeetako mahaikideen zozketa
Asteartetik ostegun honetara atzeratu dute osoko bilkura, apirilaren 28ko hauteskundeetarako mahaikideen zozketa eta plenoa biak hitzordu berean ospatu ahal izateko.Guztira 72 herritarrek hilabete barruko bozketa egunean egokituko diren hauteslekuetara hurbildu beharko dute, haietatik 24 lagun izango dira mahaikide lanetan jardungo dutenak, gainerakoak ordezkoak izango dira. Mahaietan egotea egokitu zaizuenoi, egunotan helduko zaizue jakinarazpena Udaltzaingoaren eskutik.
Beterri-Buruntzako tokiko garapenerako mankomunitatearen sorrera
Eskualde honen garapen sozial eta ekonomikorako agentziaren sorreran parte hartuko du Usurbilgo Udalak, udalbatzak aho batez hala erabaki ostean, osteguneko ezohiko osoko bilkuran.
Zapategi eremuko hirigintza araudiaren aldaketa
Elkar eta Gureak lantegiak Michelin ondoko Zapategi lur eremura ekartzeko urrats garrantzitsua eman du Udalak. Eremu horretan hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala hasieraz onartu zuen aho batez udalbatzak, osteguneko ezohiko osoko bilkuran. Udalbatzak hartutako erabaki hau, laster hilabetez jendaurrean jarriko dute.
Zubietako hitzarmena
Jakina denez, Zubietaren zati bat Usurbilgo lurretan dago bestea Donostiakoetan. Zerbitzu eta azpiegiturak eraginkortu asmoz, lankidetza hitzarmen bat landu eta adostu dute Zubietako Herri Batzarrak eta bai Usurbil zein Donostiako udalek. Hiriburuko Udalak egin bezala, Usurbilgoak ere osteguneko ezohiko osoko bilkurara eraman zuten aipatu hitzarmena. Aho batez onartu zuten.
Atez atekoa
Aipatu hitzarmen hori sinatzen dutenean eta egin beharreko egokitzapenak egin ostean, Zubieta osoko hondakinen bilketa esaterako, Usurbilgo Udalaren esku geratuko da. Orain arte Zubietako Usurbilgo lurretan, atez ate bildu izan dira hondakinak, Donostiako lurretan hautazkoa zen atez atekoa eta edukiontziak zituzten. Hitzarmen honen baitan, edukiontziak kenduko dira eta Donostiako lurretan bizi diren zubietarrentzako giltza bidez funtzionatuko duen garbigune berri bat egokituko da.
Zubietako Donostiako lurretan indarrean den, eta honenbestez, atez atekoa borondatezkoa bilakatzen duen eredu hau herriko beste txokoetara zabaltzea eskatu du egunotan EAJ-k ohar bidez, eta ostegunean ere gauza bera galdegin zuten ezohiko osoko bilkuraren amaieran, galdera eta eskaeren atalean.
Eskaera onartezintzat jo zuten udal gobernu taldetik.
Gai hauei buruzko xehetasun gehiago egunotan.