"Gora euskal kantua, gora Euskal Herria eta biba zuek!"

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 30a, 15:11

Hitz hauek eskaini dizkie Usurbilgo Udalaren izenean, Xabier Arregi alkateak, Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen 10. urtemuga ospatzeko larunbat honetako jaialdiaren ongi etorri ekitaldian. 

Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak 10 urteotan eginiko lana eskertu die alkateak. "10 urtez aritu zarete, euskara, kantua eta taldea batuta Usurbilgo txokoak alaitzen, Usurbilgo txokoetan zuen kantuak azaleratzen. Zenbat saio eta zenbat ekitaldietan hartu duzuen parte. Bejondeiuzela, esker oneko hitzak ditut zuentzat, eta nahi nuke aurrera ere luzaroan hala segitzea. Denok elkarrekin lagun artean. Eta gaur besozabalik hartzen zaituztegu besarkada handi handi bat emateko. Gozatu Usurbilez, gora euskal kantua, gora Euskal Herria eta biba zuek!", adierazi die Arregik hitzok txalo artean hartu dituzten kantuzaleei.

Mikel Laboa plazan hasi dute 10. urtemuga festako kantu-jira berezia. Laboa bera eta Joxan Artze gogoan hartuta. Laboraen abesti bat gogora ekarriz, kantuaren onurak goraipatu ditu Usurbilgo alkateak. "Zer ote du kantuak? Bakarka ari garela aldartea gozatzen digu, taldean aberatsago eta gozagarriago egiten du lagun artea. Herria bera bizitzen du, eta guk sentitzen dugu herria euskaldunago eta alaiago. Eta Euskal Herriko txokoetatik etorriz gero eta elkarren ondora bilduz gero, euskararen herria, alegia Euskal Herria sendoago egiten digu".