Usurbilekin lotura estua duen Aitzol Iriondo presoaren egoera plazaratu dute, azken ostiraleko elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 30a, 12:09

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak presoen eskubideen inguruan egunotarako antolatu dituen ekimenen baitan, hileroko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten bart Mikel Laboa plazan. Oraingoan, Aitzol Iriondo Frantziako Moulinseko espetxean bakarrik dagoen euskal preso lasartearraren egoera plazaratu zuten, Usurbilen dituen lagunen ahotik.

Azken txanpan dira Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak presoen eskubiden inguruan egunotarako antolatu dituen ekimenak. Horien artean, zabalik izango duzue igande eguerdira arte Sutegiko aretoan, Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno Frantziako espetxeetan dispertsatuak dituzten euskal presoen artelanen erakusketa. 

Aitzol Iriondo lasartearra izan arren, aspaldidanik lotura estua izan du Usurbilekin, hilero moduan azken ostiralez, atzo alegia, euskal presoak etxeratzea eskatzeko Mikel Laboa plazan egin zuten elkarretaratzean gogorarazi zutenez. Mobilizazioan Aitzolen lagunek hartu zuten hitza, bere egoeraren berri plazaratu zuten, ondoko adierazpenaren bidez:

Aitzol Iriondo, Moulinseko espetxean bakarrik
Aitzol Lasartearra izan arren, gaztetatik izan du harreman estua Usurbilekin. Horren lekuko, hainbat usurbildar joaten gatzaizkiola bisitan. Izan ere, Aitzolek lagun kuadrila hemengoa du.  Institutu garaian, ikaskide usurbildar batzuekin harremana hartu eta lagun kuadrila berean bukatu zuen. Beste herritar batzuei aldiz, Txiribogan lan egin zueneko garai hartatik izango zaizue ezagunagoa agian.
 
Gure herrian maiztasunez ibiltzen zen garai haien ondoren, ibilbide luzea izan du Aitzolek. Lehenik Biologia ikasketak egitera joan zen Leioara, eta karrera bukatu eta gutxira, ETA erakundean sartu eta sasira joateko hautua egin zuen. Urte batzuz sasian ibili ostean, 2008ko abenduan atxilotu zuten Frantzia hegoaldean. Paris inguruko espetxeetan egon zen lehenik, eta hainbat epaiketen ostean, Moulins-eko espetxera eraman zuten. Espetxe hau segurtasun altukoa da eta 100 preso baino gutxiago dauden arren, funtzionario kopurua ia hirukoitza da. Espetxe hori hemendik 700km-tara  eta oso gaizki komunikatua dago eta bertara iristeko aukera bakarra kotxez joatea da.

Bertara bisitan goazenontzat bidaia txarragoa den arren, aurretik Parisen ezagututako espetxeen aldean bisitetarako denbora eta baldintza onak dira. Bisita luzeak eta kristalik gabeak izanik, gauza askotarako ematen du eta kartzela sisteman hain zaila den elkarrizketa sakonak eta intimoak luze izateko aukera izaten dugu, baita jolas eta kantuan aritzeko ere tarteka. Bisitetako baldintzak nahiko duinak izan arren, kartzelako egunerokoa nahiko gogorra da segurtasun altuko espetxe hauetan. Iritsi berritan eguneroko gogor hau, bertan zeuden kideekin partekatzeak egoera hau errazago eramaten laguntzen zion. Baina azken urte honetan, Frantziako beste euskal preso politiko askorekin egin moduan, bere bi kideak Mont de Marsans eta Lannemezan-eko espetxeetara gerturatu zituzten.

Orduz geroztik Aitzol bakarrik dago. Frantziako gobernuak, hala eskatu zuten euskal preso gehienak (gizonezkoak, emakumeekin egoera bestelakoa baita) Mont de Marsans eta Lannemezan-eko espetxeetara gerturatu zituzten baina iazko abenduan komunikabideetan salatu zuen moduan, 3 presorekin blokeo egoerak jarraitzen du gaur egun. Tartean dago gure Aitzol. Beraz badira jada hilabete batzuk bakarrik dela espetxe hartan. ……      

Duela hilabete batzuk, gutako batzuk bisita batean ginela, bere artelanen aurrerapenez ari ginela, Lasarten egitekoa zen erakusketaz jardun zitzaigun. Beraiek, espetxetik kanpora eragiteko beste modu bat zela zioen, gai batzuen inguruko beraien sentipen, hausnarketa eta ikuspuntua kaleratu, eta nolabait, herriarekin harremana egiteko beste modu bat. Bera eta Itziar Moreno euskal preso bilbotarraren pinturak erakusgai jartzeko iniziatiba gustatu eta gure herrira ere ekartzeko proposamena luzatu genion. Eta hark onartu. Aitzol espetxean denetik beti aritu da ekoizten. 2015ean bera eta Jurgi Mendinueta presoak elkarlanean egindako “BOBBY SANDS: Martxa baten lehen notak” liburua publikatu zuten, Txalapartaren eskutik. Andatza mendiaren inguruan ere proiektu bat idatzia du. Egurra lantzen ere aritua da Aitzol. "Kalera kalera" Usurbilen izan zenean egin zen erakusketa hartan egur tallak zituen erakusgai. Azken garaian pinturari ekin dio eta azken lan horiek ditugu erakusgai. 

Erakusketa honen helburua beraz, blokeo egoera salatzeaz gain, artearen bidez mugak eta harresiak igaro eta etorkizunean eraiki nahi dugun herri honetan garrantzitsuak diren gauzen inguruko elkarrizketa sortu nahi dugu Aitzol eta Itziarrekin: maitasunaz, sexuaz, laguntasunaz, zaintzaz,...hitz batean borrokatzea merezi duen bizitzaz".

PRESOEN INGURUKO AZKEN EKIMENAK
Martxoak 30, larunbata
19:00 Solasaldia: "Presoak eta sorkuntza" Sutegiko erakustaretoan.
Partaideak: Oier Gonzalez Ateramiñeko kidea eta Xabier Aranburu ‘Xomorro’ preso ohia.

Martxoak 28-31, ostegunetik igandera
Erakusketa: Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno euskal presoen artelanak.
Epea: martxoak 28-31.
Ordutegia: 18:30-20:00 eta igandean, 12:00-13:30.
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.