Zumartekoak beste musika eskolekin batera zenbait emanaldi eskainiko dituzte. Batetik, urtero egiten duten trukaketa ekimenaren baitan, Getariako J.S. Elkano eskolakoak etorriko dira Usurbila lehenbizi eta astebete beranduago Zumartekoak joango dira kosta parteko herrira.
Getaria ondotik, Zarautzeko Imanol Urbieta musika eskolatik ere bisitari talde bat izango dugu Soinurbilen baitan. 2013an sortu zuten, 450 ikasle eta 16 irakasle ditu. Biolineko eta perkusioko ikasle talde bat etorriko da, haien lanketa plazaratzera. Zumartekoak izango dituzte bidelagun.
Zarauzko Musika Banda
Herri ezberdinetako musika bandaren bat ere gonbidatu ohi du Zumartek Soinurbil ekimenera. Aurtengoan hain zuzen, Zarauzkoa izango dugu kalejiran lehenbizi eta frontoian kontzertua eskaintzen gero, apirilaren 7an.
Musika Astearen abiapuntu izango den hitzordu klasiko bat; Salbatore Elizan dagoen ehun urtetik gorako organoa ezagutzeko bi bisita gidatu izango ditugu, Joan Luis Atxegaren eskutik.
Emanaldirik ere izango da haurrentzat; “Txomin & Txistuman, Deskontzertuan” izenekoa hilaren 2an Sutegin. “Euskal Herriko eta munduko instrumentu tradizionalen kontzertu xelebrea umeentzat. Txomin txistu hiztun bat da, eta banda bateko zuzendaria ere bada: munduko instrumentu musikal tradizionalei buruzko kontzertu didaktikoak ematen dituen musikari banda bat zuzentzen du”.
Usurbilgo mariatxia
Zumartek Kale Nagusiko eraikina handitu eta berritu artean behin behineko bulegoaren kokagunera, konponketa lanak amaitu berri dituzten Artzabalgo plazara ere hedatuko da aurten, ate joka dugun musika astea. Txamukos Mariatxiak gonbidatu dituzte apirilaren 5ean. 2014an sortutako Lesakako taldeak “bertako 4 musikari daude eta Arantzako, Usurbilgo eta Villabonako bat. Gitarra, baxua, soinua, bi tronpeta eta abeslari batek osatzen dute mexikar talde hau. Korridoak, baltsak, boleroak... eta era askotako doinuak mexikar erara interpretatzen dituzte, horietako batzuk euskaraz”.
Txistularien topaketa
Eskualde mailako txistularien topaketa ere antolatu du Zumartek musika asterako. Usurbilgo eta eskualdeko 25 txistulari elkartuko ditu apirilaren 6an. Egunean zehar bi kalejirekin herria girotuko digute. Eta azken kalejiraren ostean, frontoian Lauhaizeta Akordeoi Orkestraren emanaldia, 13-23 urte arteko Klake taldearekin. “Gaztetxoak izan arren, errepertorio desberdinak lantzen dituzte: swing musika, folka... Errenteria Musikaleko Jazz konboarekin elkarlanak egin izan dituzte. Oraingoan, akordeoi taldearekin folk doinuekin batera emanaldia eskainiko dizuegu”, aurreratu dute Zumartetik.
Entseguak
Adi, Zumarte abesbatzak ere parte hartuko duen kontzertura kantu zaletuak ere animatu nahi ditu Zumartek. Emanaldira batu nahi duzuenontzat entsegu saiook deitu ditu Zumartek:
-Apirilak 3 (asteazkena), 19:15-20:15 artean Udarregi ikastolako DBH-ko Musika gelan.
-Apirilak 5 (ostirala), 19:30- 20:30 artean, akordeoi orkestrarekin (lekua zehazteke).
15. SOINURBIL MUSIKA ASTEA
Apirilak 1, astelehena
18:00 / 19:00 (bi saio) organo erakustaldia Salbatore Elizan.
Zehaztasunak: "Joan Luis Atxegaren eskutik, Usurbilgo organoa gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dugu".
Apirilak 2, asteartea
18:00 Txomin & Txistuman, Deskontzertuan Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Euskal Herriko eta munduko instrumentu tradizionalen kontzertu xelebrea umeentzat. Txomin txistu hiztun bat da, eta banda bateko zuzendaria ere bada: munduko instrumentu musikal tradizionalei buruzko kontzertu didaktikoak ematen dituen musikari banda bat zuzentzen du.
Sarrerak: 2 euro, aldez aurretik, Zumarteren Puntapax 10eko bulegoan eta Potxoenean.
Apirilak 3, asteazkena
18:30 Getariako J.S. Elkano Musika Eskolarekin trukaketa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Getariako J.S. Elkano Musika Eskolakoak Usurbilera etorriko dira urtean zehar egindako lana erakustera".
Sarrera: doan.
Apirilak 4, osteguna
18:30 Zarauzko eta Zumarteko biolin jotzaileen kontzertua Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Imanol Urbieta Udal musika Eskola 2013ko irailean sortu zen. Zarauzko udalerrian musika jarduera guztiak garatzen laguntzea da bere helburu nagusia. Gaur egun 450 ikasle ditu eta 16 irakaslez osatutako musika eskola da. Gaurko honetan biolin eta perkusioko ikasleek, urtean zehar prestatzen ari diren lana eskainiko dute Usurbilen".
Apirilak 5, ostirala:
19:30 Txamukos Mariatxiak Artzabalgo plazan.
Zehaztasunak: "Txamukos mariatxiak gitarra, baxua, soinua, bi tronpeta eta abeslari batek osatzen dute mexikar talde hau. Hauetako bat, usurbildarra da. Korridoak, baltsak, boleroak...eta era askotako doinuak mexikar erara interpretatzen dituzte, horietako batzuk euskaraz".
Apirilak 6, larunbata
19:30 Lauaizeta akordeoi orkestra, abesbatza eta klake taldea Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: Lauhaizeta akordeoi orkestraren, abesbatzaren eta klake taldearen emanaldia. "Lauhaizeta Akordeoi Orkestra “AKORDEON PLUS” musika elkarteak akordeoi musika zabaltzeko egiten ari den ahaleginean bultzatutako ekintzen emaitza da".
-Klake taldea:
Partehartzaileak: Oihana Chalde, Ane Guetaria, Getary Gonzalez, Uxue Irisarri, Lide mendizabal, Ainhoa Piñas, Aitor Urruticoechea, Jon Urruticoechea, Amaia zamora. Irakaslea: Larraitz Ugartemendia.
"Klake talde hau , 13 – 23 urte bitarteko ikasleez osatuta dago. Gaztetxoak izan arren, errepertorio desberdinak lantzen dituzte: swing musika, folka... Oraingoan, akordeoi taldearekin folk doinuekin batera emanaldia eskainiko dute".
Apirilak 7, igandea: Zarauzko Musika Banda
12:00 Zarauzko Musika Bandaren kalejira frontoian.
13:00 Zarauzko Musika Bandaren kontzertua frontoian.
Zehaztasunak: "36 urte ditu zarauzko musika bandak eta 45 kidez osatua dago gehienak 25 urtetik beherakoak".
Apirilak 10, asteazkena
18:30 Zumarteko ikasleen kontzertua Getariako Itur- zaeta Herri Eskolan, bertako J.S. Elkano musika eskolarekin egiten ari diren trukaketaren baitan.
Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxabank.