Adi baita Ugartondon
Ugartondoko urbanizazio berria eraikitzeko lanak hasiak dituzte. Ondorioz, Usurbilgo Udalak ohartarazi moduan, aldaketak izango dira inguru horretan, "obra honek eremu horretako zirkulazioa aldatzea ekarriko du", bertako lanak amaitu artean. Batetik, "Pikaolatik Kaxkorantz doan errepidea itxi egingo dute, eta, ondorioz, Ugarte aurreko errepidea bi norabidekoa bihurtuko dute. Ibilgailuen joan-etorria semaforo bidez erregulatuko da: aldaparen hasieran eta amaieran jarriko dira semaforoak".
Bestalde, "haur-eskolako aparkalekuak kendu egingo dira, errepide hori bi norabidekoa bihurtuko delako. Edonola ere, haur-eskolako erabiltzaileentzat haur-eskolatik ermitara bitarteko errepide zatia egokituko da, umeak utzi edo jaso bitartean, ibilgailua une batez aparkatu ahal izateko".
Obrak amaitu artean iraungo duten aldaketon aurrean, adi Udaletik herritarrei luzaturiko aholkuari. "Zonalde horretan ibilgailuen joan-etorria arintzeko, herritarrei eskatzen zaie Troiako sarrera-irteera, ahal den neurrian, saihesteko, eta herriko sarrera nagusiak erabiltzeko".